Arraunlarien aurkezpena egingo du Telmo Deunek ostiralean Villa Luzen

Baleike 2019ko mar. 21a, 16:14

Bateletako 9. jardunaldia jokatuko da larunbat arratsaldean 16:00etatik aurrera Zumaian. Etxekoek 12 batel uretaratuko dituzte.

Ostiralean, martxoaren 22an, Telmo Deun Arraun Elkarteak denboraldi honetan lanean ari diren arraunlarien aurkezpena egingo du Villa Luz jauregian, 19:00etan. Bertan izango dira bateletako denboraldi bete-betean dabiltzan harrobiko arraunlari gazteak, baita emakumezkoen eta gizonezkoen traineruko kideak eta beteranoak ere.

Larunbatean, batelak

Gipuzkoako batel ligaren 9. jardunaldia jokatuko da larunbat arratsaldean Zumaian, 16:00etatik aurrera. Telmo Deunek 12 batel uretaratuko ditu hainbat mailetan: infantil nesketan bat, infantil  mutiletan hiru, kadete nesketan bi, kadete mutiletan bi, jubenil mutiletan bat, senior nesketan bat eta senior mutiletan bi. Pasa den asteburuan lortu zituzten emaitzak berresteko asmoarekin aterako dira etxeko estropadan.