Euskadiko lauko txapelketa jokatuko du Pulpoko mutil jubenilen taldeak

Baleike 2019ko mar. 20a, 19:29

Txikixa taberna Pulpo KE taldeko mutilek Euskadi txapelketako lauko finala jokatuko dute asteburuan Usurbilen. Ostiraletik igandera bitarte hiru partida izango dituzte bertako Oiardo kiroldegian. Zumaiarrekin batera, talde hauek osatzen dute azken fasea: Usurbil K.E., Tolosa CF Eskubaloia eta Gran Camping Zarautz ZKE.

Ostiraletik igandera bitarte, Euskadiko lauko txapelketan arituko da Pulpoko Txikixa taberna taldea. Txapelketa hasi bezperetan, taldeko entrenatzailea den Xabier Letamendiarekin hitz egin dugu. “Gogorra izan da fase honetara iristea, baina egin dugu lanak emaitza eman du eta oso pozik gaude”, nabarmendu du.

Jubenilen taldea Euskal ligan dago, eta lehen fasea jokatu ondoren, bigarren fasea amaitu zuten pasa den asteburuan. “Aurreneko fasean zortzi talde ginen, eta horietatik lau bakarrik pasatzen ziren zuzenean bigarrengora. Bosgarren eta seigarren postuak promozio bidez jokatu ziren; irabazi egin genuen hori eta horrela lortu genuen bigarren faserako plazetako bat”, gogoratu du.

Fase hori lau taldetako bi multzotan jokatu zuten. Zumaiarrek Tolosa, Urduliz eta Ereintza izan zituzten aurkariak. “Multzo gogorra tokatu zitzaigun. Urdulizek bigarren amaitu zuen lehen fasean, eta Tolosak hirugarren, baina borrokatuz gero bagenekien finalean sartzeko aukerak izango genituela”, esan du. Jokatu zituzten partidak oso estuak izan ziren, eta gehienetan gol baten arabera irabazi edo galdu zuten.  “Denok nahi genuen lauko finalera sartu, eta lehia handia izan zen, baina lan asko egin genuen, gure aukera txiki horiek aprobetxatu genituen eta zortea ere aldeko izan genuen”, nabarmendu du. Bi multzoetatik bina talde pasa dira asteburuan jokatuko den txapelketara. “Gure multzotik Tolosa pasa da lehen postuan eta gu bigarren. Bestean, berriz, Usurbil taldeko buru bezala, eta Zarautz ondoren”.

Ilusioarekin

Lauko azken fase hori oso lehiakorra izango dela aurreikusten du Letamendiak. “Hotzean pentsatuta, faborito garbiena Usurbilgo taldea dela uste dut. Etxean jolasten du eta ligako lehen fasea eroso eraman zuen. Hala ere, uste dut edozer gauza gerta daitekeela. Azkenean denok hasten gara hutsetik. Nire iritziz emaitzak nahiko parekatuak izango dira eta detaile txikiek markatuko dituzte partidak”, azpimarratu du.

Jokalariak motibatuta eta ilusio bereziarekin daudela ere nabarmendu du entrenatzaileak. "Lana egitea izan da gure gakoa eta ikusi dute noraino iristeko gai izan garen. Lesio aldetik ez dugu denboraldi onena izan, baina zorionez denak prest daude astebururako. 17 jokalari izango ditut, eta agian kadete mailako bat edo beste sartuko ditut”. Finaletan gertatu ohi den bezala, ikusle asko izango dela uste du Letamendiak. “Herritarrei ere gonbidapena luzatzen diet Usurbilera etortzeko animatzera”.

Amaitzeko, Euskadiko lauko txapelketa hori jokatuko duten lauak Espainiako txapelketako lehen fasera joango dira. “Hasieran hiru ziren pasatzen ziren taldeak, baina gaur abisatu digute federaziotik lauak joango garela. Pozik gaude bai, azkenean sari bat da guretzat”.

Hauek izango dira Euskadiko lauko txapelketako partidak:

Martxoak 22, ostirala

18:15 Txikixa taberna Pulpo EK – Tolosa CF Eskubaloia

20:00 Gran Camping Zarautz ZKE – Usurbil K.E.

Martxoak 23, larunbata

17:45  Gran Camping Zarautz ZKE – Tolosa CF Eskubaloia

19:30 Usurbil K.E. – Txikixa taberna Pulpo EK

Martxoak 24, igandea

10:45 Txikixa taberna Pulpo EK – Gran Camping Zarautz ZKE

12:30 Tolosa CF Eskubaloia – Usurbil K.E.