Erretratuak

Batetik bestera, hegan. Hegazkin pilotu baten lanak

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Momentu batean Pirinioak zeharkatzen ari da eta handik gutxira Alpeen gainetik dabil. Parisen, Moskuren, Genevaren, Londresen, Dakarren, Miamiren eta beste dozenaka hiriren panoramikak goitik ezagutzen ditu. Zumaia ere askotan ikusi du zerutik. Hegazkin pilotua da Ximon Olaizola Aristi (Zumaia, 1970) eta Baleikeri kontatu dizkio bere lanbidearen nondik-norakoak.

“Asko gustatzen zait airean egotearen sentsazioa. Hainbeste tona dituen zerbaitek zerua zeharkatzea eta zu izatea gidaria, oraindik ere zoragarria iruditzen zait hori. Momentu ikusgarri asko eskaintzen ditu zeruak. Laino batetik irteten zarenean, adibidez, oso momentu ederra da. Gauez izar asko ikusten dira eta hori ere oso polita da. Gehien atsegin ditudan uneak, hala ere, aireratzean eta lurreratzean gertatzen dira”.

Gaztetatik bizi izan du hegazkinen inguruko zaletasuna Olaizolak. Hamar urterekin gurasoekin hartu zuen lehen aldiz hegazkina; Mallorcara egin zuten bidaia batean izan zen. Orduan, kabina ikusteko aukera izan zuen, eta liluratuta utzi zuten hango argiek, erlojuek, orratzek… Geroztik ez zaio hegan egiteko harra desagertu. Madrilen eta Salamancan pilotu ikasketak egin ondoren, Floridara joan zen hegaldi praktikak egitera.

Gaur egun Madril da bere joan-etorrien kanpamentu nagusia: “Ni beti Madriletik irteten naiz eta Madrilera itzultzen naiz”. Normalean, hiru-lau egun egiten ditu segidan lan eta gero beste bi-hiru egun libre. Hilabete amaieran ematen diote hurrengo hileko ordutegia eta bertan ikusten du zein egunetan daukan lana, zein hiritara egin behar duen hegan… “Batzuetan bi egunetarako joaten gara, beste batzuetan hirurako, laurako… Batzuetan sei ordu sartzen ditugu, beste batzuetan 11... Egun batean bi hegaldi dauzkagu, hurrengoan lau… Beti ordutegiari begira”.

Aireportura iristean, hegazkin konpainiaren bulegoetara jotzen dute pilotuek, bertan jasotzen baitute egin behar duten hegaldiaren informazio guztia: zer ibilbide egin behar duten, nolako eguraldia egingo duen… “Informazio hori guztia lortu eta aztertzen dugunean hegazkinera joaten gara. Han ikusten dugu hegazkina prest dagoela, azterketa eta kontrol guztiak pasa dituela… Orduan, bidaiariak sartu eta dena prest dagonean, hegazkina aireratzen dugu”.

Gidatzea baino gehiago

Hala, bada, gidatzea baino gehiago da pilotuen lana Olaizolak nabarmendu duenez. Eurek izaten dute beti azkenengo hitza: “Gu gara OKa eman behar dugunak; izan ere, hegaldia atera edo ez azken erabakia gurea da. Ados egon behar dugu emandako ibilbidearekin, eguraldiaren e aurreikuspenekin, etab. Labur esanda, gu gara hegazkinaren segurtasunaren arduradun nagusiak”. Horregatik, erantzukizuna ere handia dela aitortzen du.

Hala ere, argi dauka segurtasuna guztien helburu gorena dela; hegazkinak egiten dituen fabrikatzailearena, pilotuarena, kontroladoreena, denena. “Edozein arazo, baita txikiena ere, kontuan hartzen da ezer larria pasa baino lehen zer hobetu daitekeen ikusteko”. Are gehiago, istripu bat gertatzeko, aurretik barrera asko daudela azpimarratu du: “Lehenengo barrera da hegazkinak gero eta hobeak egiten dituztela; hurrengoa, pilotuen formazioa gero eta hobea dela; hurrengoa, lana egiteko gero eta protokolo gehiago daudela...”. Hala, Olaizolak dio arazoren bat dagoen bakoitzean barrera bat dagoela, akatsaz ohartu eta egoera zuzentzeko. Horregatik, argi azpimarratu du istripu bat erru kate baten ondorioz pasatzen dela: “Akatsak zuzentzeko barrera asko dauzkagu. Hortaz, oso zaila da istripu bat gertatzea; zoritxarrez, gertatzen dira, baina oso-oso zaila da”.

Zentzu horretan, Olaizolak dio teknologia aurrerapenek asko lagundu dutela, baita pilotuen etengabeko formazioak ere. Hegazkin mota batetik bestera mugitzen direnean ikasketak eta egokitzapenak egin behar izaten dituzte. Horrez gain, sei hilean behin hegaldi simulagailu batera joaten dira eta han maniobra ezberdinak praktikatzen dituzte: “Normalean, ezohiko maniobrak izaten dira: motorrean arazo bat edukiz gero, kea irteten bada… egin beharrekoak”. Beti eguneratuta egoteko, hegazkin konpainiak informazio asko helarazten dietela ere nabarmendu du.

Beti maleta eskuan

Hegazkina gidatzeko orduan, Olaizolak dio helmuga bat edo bestea izateak ez diola asko axola. “Agian, lo egiteko orduan nahiago duzu toki bat edo bestea, edota aireportu bat edo bestea, baina hegazkina gidatzeko orduan, helmugak ez dio asko inporta”. Hori bai, helmugaren bat lehenesteko orduan badira kontuan hartu beharreko bi faktore Olaizolaren iritziz: jet lag-aren arrastoa eta etxetik kanpora egin beharreko denbora.

Olaizolak, gaur egun ez ditu ordu diferentzia handiko estatuak bisitatzen; garai batean, ordea, bai. “Hamabi urte pasa nituen hegaldi luzeak egiten, hasieran ondo eramaten nuen, baina urteekin jet lagak gero eta gehiago pisatzen du”. Ohitu beharrean, Olaizolak dio pertsona gero eta gehiago nekatzen dela, edo hori gertatu zela bere kasuan, behintzat: “Hasieran destino berrien irrikarekin hobeto eramaten duzu jet laga, baina denborarekin gero eta gehiago kostatzen da errekuperatzea. Ni gusturago nago hegaldi laburrekin, baina jende askok nahiago ditu hegaldi luzeak, zeruan denbora gehiago pasatzen duzunez, lanaldiak lasaiagoak izan ohi direlako”.

Hain justu, egindako hegaldi luze horietako batean jaio zitzaion semeetako bat: “Gure seme zaharrena jaio zenean, adibidez, Mexikora bidean nioan. Ailegatu nintzenean mugikorrean ikusi nuen bere argazkia”. Hori da, hain zuzen ere, Olaizolaren iritziz hegazkinak gidatzearen alderdi txarrena: etxetik kanpora denbora asko egitea.

Horrekin lotuta, aitortu du gizartean badagoela ideia erromantiko bat pilotuaren irudiaren inguruan: “Jendeak uste du gure lanean asko bidaiatzen dugula, leku asko ikusten ditugula, eta, alde horretatik, zorte handia dugula. Eta egia da, gure lanbidearen parte bat hori da. Baina, egia da, beste alde batetik, leku batzuetara iristen garenean, terminala ez dugula zapaldu ere egiten. Ez gara hegazkinetik irteten: jendea jaitsi, berria sartu eta airera berriz”. Eta orduan, airean, gozatzen du gehien Olaizolak bere lanbideaz: paisaia ikusgarriez, gidatzearen sentsazioaz… Azken batean, hegan egiteaz.

  • Izen-abizenak: Ximon Olaizola Aristi.
  • Adina: 48 urte.
  • Ikasketak: pilotu ikasketak.
  • Lanbidea: hegazkin pilotua.
  • Pilotua ez banintz… Egia esan, beti izan dut oso argi pilotua izan nahi nuela, ez zait bururatzen beste lanbiderik.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Etxera etorri eta lasaitasunaz gozatzea. Beti maletarekin ibiltzen gara aurrera eta atzera eta horrela ibilita, gehien estimatzen duzuna zure ohean lo egin, familiarekin egon eta mendi buelta txiki bat egitea da.