Sambou Diaby: "Hemen pixka bat mugatuta nago, eta leku handiago batera joan nahi dut"

Baleike 2019ko mar. 17a, 15:30

Txikitatik hasi zen kantatzen eta dantzatzen Sambou Diaby oikiarra. Ezkutuan egiten zuen; hori zen bere sekretua. Duela hiru urte, ordea, Go!azen 3.0 telesailean agertu zen figurante gisa. Aktore izan nahi zuela erabaki zuen orduan, eta Donostiako TAE (Arte eszenikoen tailerra) eskolan ari da interpretazioa ikasten. Laster, gainera, Azkoitian estreinatuko den K-baret musikalean arituko da. Otsaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Nola etorri zitzaizun Go!azen telesailean parte hartzeko aukera?
Momentu horretan lehenengo batxilergoa egiten ari nintzen. Lagun batek esan zidan telesail horretarako casting bat zegoela, eta animatu egin nintzen egitera. Castingerako kantatzen, dantzatzen eta aktuatzen ari nintzen bideo bat bidali behar izan nuen. Gero, Miramonetik deitu zidaten beste casting bat egiteko.

Zer egin zenuen Donostiako proba hartan?
Aurretik bidali nuen bideoaren antzeko proba egin nuen, baina kamera eta produkzio etxeko jendearen aurrean. Casting hori telesaileko protagonista baten papera lortzeko zen, eta ez ninduten aukeratu. Geroago, ordea, figurante lanetarako deitu zidaten, eta baiezkoa eman nuen.

Zergatik eman zenuen baiezkoa?
Telesailaren denboraldi guztian parte hartzeko aukera eman zidaten, eta atal guztietan agertu nintzen. Pentsatu nuen aukera ona zela ikasteko eta grabaketa bat nolakoa den ikusteko. Ekainetik iraila erdira aldera arte aritu ginen grabatzen. Ordu askoko lanegunak izan ziren, baina oso ondo pasa nuen.

Zein izan zen zure papera, zehazki?
Gaiztoen taldekoa nintzen, eta nire lana batez ere dantza egitea zen. Horretaz gain, eszena jakin batzuetan interakzioa egiten nuen: erreakzioak, espresioak… Bost izan ginen figurante lanetan.

Zer gaitasun behar dira musikal batean parte hartzeko?
Dantzatzen eta abesten jakiteaz gain, aktuatzen ere jakin behar da.

Batxilergoa amaituta, interpretazio ikasketak egitea pentsatu zenuen.
Go!azenen parte hartu eta gero, aktore izan nahi nuela erabaki nuen. Antzerkiarekin zerikusia zuen zerbait ikasi nahi nuen eta Donostiako TAE eskolan eman nuen izena.

Zer ikasten da eskola horretan?
Gorputza eta mugimendua, ahots teknikak, interpretazioa... Aurten bukatzen ditut ikasketak, eta iaz, lehenengo mailan, nire buruarekin nituen mugak kentzea lortu nuen. Oso lotsatia naiz, eta antzerki eskolan horixe kentzen ikasi nuen lehendabizi. Gogoratzen naiz lehenengo klase egunak oso gogorrak izan zirela.

Iragarki pare batean parte hartu duzu, eskolan antzerkiak egiten dituzue eta laburmetraia batzuetan ere agertu zara.
Nire eskolak Andoaingo zine eskolarekin lankidetza hitzarmena du, eta hango ikasleek beraien proiektuak egiteko aktoreak behar badituzte, guregana jotzen dute. Agertu naiz horien laburmetraia batzuetan eta oso esperientzia ona izan da. Antzerkia egitea eta kameraren aurrean aritzea ezberdinak dira, baina ikasteko nago eta dena baliagarria zait.

Momentu honetan K-baret musikala prestatzen ari zara.
Azkoitiko Baztartxo antzokian ari gara entseiatzen, eta estreinaldia ere bertan egingo dugu laster. Iazko urtarrilean hasi ziren musikal hori prestatzen, eta ni udaran sartu nintzen. Nire ikaskide batek dantzari moduan hartzen du parte eta esan zidan antzezle bat behar zutela. Castingik egin gabe sartu nintzen proiektuan, konfiantza guztia jarri zuten nigan.

Jende gazteak aurrera daraman musikal bat da, ezta?
Bai, guztira 20 bat pertsona gara. Gehienak azpeitiarrak eta azkoitiarrak dira. Izugarrizko showa ari gara prestatzen, eta Azkoitian estreinatu ondoren, bira bat egiteko asmoa dugu Gipuzkoan zehar.

Zertaz den aurreratu dezakezu?
Parisen dago girotuta. Bi emakumek lokal bat alokatzen dute bertan kabaret bat egin eta arrakasta izateko. Hori da abiapuntua, eta hortik hasita, pertsonaien artean beste trama batzuk daude: gatazkak, maitasun istorio gazi-gozoak, buruhausteak... Ni Antoine izango naiz, gaiztoetako bat.

Estreinatzeko gogoz egongo zara.
Bai, nola ez. Bi ordu inguruko musikala da, eta protagonismo handia dut obran. Pozik nago.

Ekainean bukatuko dituzu ikasketak. Zer asmo duzu etorkizunerako?
Madrilera joan nahi dut ikasten jarraitzera. Azkenean, hemen pixka bat mugatuta nago, eta leku handiago batera joan nahi dut. Han, nahiz eta lehia handia izan, aukera gehiago daude, bai ikasteko, baita castingak egiteko ere. Lanean eta ikasten jarraitzeko ilusioa dut. Bidean esaten dizkidaten gauza onak eta hobetzekoak onartu eta aurrera jarraitzea da nire asmoa.