Ander Torrikok 100 gol sartu ditu dagoeneko aurtengo Asobal ligan

Baleike 2019ko mar. 13a, 16:50
Argazkia: Angela Rojo

Denboraldi ona ari da izaten hau Ander Torriko eskubaloi jokalariarentzat. Benidormen jokatutako azken denboraldian arazoak izan ondoren, sentsazio onak berreskuratu ditu gazte zumaiarrak Kantabriako hiriburuan. 

Bere taldea, Santanderko Blendio Sinfin, denboraldi ona ari da gauzatzen, nahiz eta azken jardunaldian 28-25 emaitzarekin galdu zuen. Kantabriarrak zortzigarren dira sailkapenean, 22 punturekin. Hitzordu zaila izango dute asteburu honetan, oraindik puntu bat bera ere galdu ez duen Bartzelona lider indartsua hartuko dutelako etxean.

Pertsonalki ere urte ona ari da izaten hau Ander Torrikorentzat. Pasa den asteburuan Valladoliden sartu zituen bost golekin 100 golera heldu da denboraldi honetan. Partidako 4,76 goleko bataz bestekoa du Anderrek, eta, gaur egun, Asobal ligako seigarren goleatzaile onena da.