Emakumeon* Etxea, gizarte parekide baten topagune izateko bidean

Baleike 2019ko mar. 13a, 18:00

Zumaiako Emakumeon* Etxea elkartea aurkeztu zuten atzo, Alondegiko Oxford aretoan. Elkartea Emakumeon* Etxea eraikitzeko sortu dute, eta bide horretan pausuak ematen hasiak direla nabarmendu zuten sustatzaileek.

Proiektua definitzeko bidean, dagoeneko bi saio ireki egin dituztela gogoratu zuten. Hain zuzen ere, saio horietan zehaztutakoa azaldu zuten atzoko aurkezpenean. Gizarte parekide baten topagune izateaz gain, emakumeen arteko sareak sortzeko eta ahalduntzeko espazioa izatea nahi dute.

Berdintasunaren inguruan informatu eta, zehazki, Zumaiako emakumeen desberdintasunak bistaratzeko baliatuko dute proiektua. Zentzu horretan, neurri zehatzak proposatzea dute helburu, hainbat arlotan: ekonomikoan, sozialean, kulturalean zein psikologikoan. Bestetik, ikuspegi feministatik gogoeta eta eztabaida piztea, partaidetza, ahalduntzea eta indarkeria matxistarik gabeko elkarbizitza sustatzea dira parte hartze prozesuan zehaztutako beste helburuetako batzuk.

Hori guztiari erantzuteko, programazioa antolatu eta zerbitzuak ere eskainiko ditu Emakumeon* Etxeak. Bestetik, espazio irekiak zein itxiak izango dituela iragarri dute, askotariko jarduerak aurrera eraman ahal izateko. Besteak beste, tailerrak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, ikastaroak, eztabaidak eta hitzaldiak antolatzea aurreikusi dute.

Bazkidetza kanpaina, martxan
Elkartea sortu dute dagoeneko, eta Zumaiako udalbatzan ere onartu dute. Proiektuak aurrera egin dezan, ordea, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango dela nabarmendu du proiektuaren ardura hartu duen lan taldeak. Horretarako, bazkide kanpaina abiatu dute, proiektua lagundu nahi duten emakumeek beren babesa eman dezaten. Alondegiko bigarren solairuan Udalak elkarteari utzi dion bulegoan jaso daitezke eskuorriak, asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara. Email bidez ere eman daiteke izena, zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzita.

Bazkidetza kanpainan jarri dituzte indarrak, baina elkartea bestelako ekintzak antolatzen hasia da dagoeneko. Igandean, esaterako, lilatoirako autobusa jarri zuten. Larunbatean, martxoaren 16an, Zumaiako Udal Musika Bandak elkartearen aldeko A Symphony of Fables kontzertua eskainiko du.

 Hona hemen bazkidetza kanpainarako prestatu duten bideoa: