'Enigma bizia' bisitaren inguruan hitz egin dute Udal teknikariek Eibarren egindako mintegian

Baleike 2019ko mar. 13a, 14:06

…eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako IX. Euskararen Transmisioari buruzko Mintegia egin zen atzo Eibarren. Euskarari buruzko hainbat datu, egitasmo eta gogoeta partekatu zituzten hizlarien eta entzutera joan zirenen artean.

Mintegian Zumaiako Udaleko bi kidek hartu zuten parte: Esti Iruretak eta Josune Herrartek, Udal turismo eta euskara teknikariak, hurrenez hurren. Enigma bizia bisita gidatuaren inguruan aritu ziren hizketan. Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatu honetan, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak deskubritu ahal dira. 

Iruretaten esanetan, “bisitari eta turisten artean euskara eta euskal kulturaren interesa handitzen zihoala ikusi genuen. Udaleko euskara eta turismo sailak elkarlanean hasi ginen. Euskara hizkuntza bizia eta modernoa dela adierazi nahi genuen, eta modu harrigarri batean kontatu". 

Hitzaldi honen ingurukoak, eta mintegian zehar egin ziren beste ekitaldien ingurukoak hemen jaso ditzakezue.