Zinegoak jaialdian aurkeztutako sei film labur bihar, Aita Marin

Baleike 2019ko mar. 13a, 11:18
Argazkia: zinegoak.com

Hilabete morearen harira, Bilboko Zinegoak film jaialdian aurkeztu ziren sei film labur ikusteko aukera izango da bihar Aita Marin, 22:00etan.

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans film jaialdiaren 16. edizioa izan da aurtengoa. Otsailaren 18tik martxoaren 3a bitartean ospatu zen jaialdi hori, eta bertan ikusgai egon ziren hainbat pelikula ikusteko aukera izango da bihar eta martxoaren 28an, Zumaian.

Biharko zine emanaldian sei pelikula labur hauek emango dira:

  • Anders: Alex nerabe problematiko eta bakartiak benetako lagun bat aurkitu du: Hendrik, arrebaren mutil-laguna. Hendrikek eta Anneliesek familia-etxetik joateko asmoa dutela iragartzen dutenean, Alexek bere kezkei aurre egin beharko die. Zuz: Reinout Hellenthal. Herbehereak | 2017 | 18’33’’ | fik | J.B. nederlandera, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Vidi Ja Ti Nea: Neska tomboy eta egoskor batek gizonezkoentzat bakarrik den erlijio-erritual batean aurkituko du bere arazo guztien konponbidea. Zuz: Goran Stolevski. Mazedoniako Errepublika | 2018 | 18’30’’ | fik | J.B. mazedoniera, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Devi: Tarak erakarpen handia sentitzen du Devirengan, bere etxeko langilearengan, eta horrek familia eta gizarte tradizioak arriskuan jarriko ditu. Etxean antolatutako afari batean, gonbidatuek elkarrekin harrapatuko dituzte, eta Tarak bere benetako identitatea definitu beharko du berehala. New Delhin girotutako film labur honek gaur egun Indian lesbiana izatearen eta armairuan bizitzearen errealitatea aztertzen du. Zuz: Karishma Dev Dube. AEB | 2017 | 13’ | fik | J.B. hindi, bengalera eta ingelesa, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Malik: Malikek ghettoa uztea erabaki du gaur gauean bertan. Dena prest dauka, baina Walid anaia zaharra eta bere taldea bere bila hasi dira leku guztietan. Hasierako plana ihesaldi bihurtuko da. Zuz: Nathan Carli. Frantzia | 2018 | 15’ | fik | J.B. frantsesa, azpitituluak gaztelaniaz eta euskaraz.
  • Oasis: Ofelia Oasis izeneko gayen tabernara doa bere senarraren bila. Gau horretan, atsekabeaz gain, kontsolatuko duen ezusteko lagun bat ere aurkituko du. Zuz:  Alejandro Zuno. Mexiko | 2017 | 16’30’’ | fik | J.B. gaztelania, azpitituluak ingelesez.
  • No me olvides: Irene eta Luisa, 70 urteko bi emakume, hilerrira joan dira nork bere senideak bisitatzera. Patuaren ondorioz, euren bideak elkartu egingo dira. Zuz: Ferran Navarro-Beltrán. Espainia | 2018 | 7’ | fik | J.B. gaztelania.

Pelikula horietako biek sariak lortu zituzten jaialdian. Andersek publikoaren Film Labur Onenaren Saria eta Oasisek Senior Saria jaso du, Film Labur Onenari.

Retablo, martxoaren 28an

Zinegoak jaialdian aurkeztu ziren pelikulen bi emanaldi egingo dira Zumaian. Horrela, martxoaren 28an, Retablo luzemetraia ikusteko aukera izango da Aita Marin, 22:00etatik aurrera.

Peruko goi-lautada urrunean, 14 urteko Segundok aitak ezkutuan daraman izugarrizko sekretua gordetzen du. Hori dela eta, inguru erlijiozale eta kontserbadoreari aurre egin beharko dio, eta horri esker, inoiz pentsatuko ez zuen lotura estuagoa sortuko da aita eta bere artean. Indartsua, ezustekoa eta harrigarria. Gazte Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Teddy Saria jaso ditu  Berlinalean, 2018an.

ZuzÁlvaro Delgado Aparicio L.

Gid: Alvaro Delgado Aparicio L., Héctor Gálvez.

Akt: Junior Béjar Roca, Amiel Cayo, Magaly Solier, Hermelinda Luján.

Peru, Norvegia, Danimarka | 2018 | 101’ | drama | J.B. kitxua eta gaztelania, azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez.