Ibon Manterola: “Euskararen biziberritzea ardatz hartuta, gizartea da eraldatu dena"

Baleike 2019ko mar. 12a, 20:21

Zumaia nola garatuko dugu euskaraz? izeneko hitzaldia eskainiko du bihar arratsaldean Ibon Manterola EHUko irakasle eta ikertzaileak Oxforden, 18:30ean. Horrekin amaituko da aurtengo Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa.

E5 (Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen) proiektuaren talde eragileko kidea da zumaiarra. Besteak beste, hiru urtetan garatu den lan horren nondik norakoak kontatuko ditu.

Zer izango duzu hizpide biharko hitzaldian?

Hitzaldiaren helburua izango da Eusko Ikaskuntzak bere ehungarren urteurrenaren harira martxan jarri duen proiektuetako bat kontestuan jartzea. Esplikatuko dut Euskal Herri mailan egin den E5 egitasmoa zer den, zer helburu dituen, zer pauso eman diren eta noraino iritsi garen. Bide beretik, proposamen bat egingo dut: proiektu hori Zumaian egitea. Horrela ikus ahalko genuke zer interes eta ekarpen izango lituzkeen gurean.

Zer helburu ditu E5 proiektuak?

Euskalgintzarentzat datozen hamarkadetarako marko interpretatibo berri bat eskaintzea: marko teoriko-metodologiko berri bat eman daitezkeen pausoak oinarri horretan jartzeko. Euskararen biziberritzea helburu daukan prozesu sozialak halako ezinegona sortzen du, hau da, prozesu hori bidegurutzean edo krisian dagoela esaten da. Ez dakigu oso ondo nola jo aurrera, baina aktibo gaude eta egoera hori konpondu nahi dugu. Duela hiru urte kontestu horretan sortu zen proiektua da, eta asmoa du  euskal gizartean dauden auzi potoloei epe luzera erantzun bat ematea.

Nola?

Hiru pauso nagusi daude. Lehendabizikoa da diagnosia egitea. Hau da, euskaraz garatu nahi duen komunitateak gaur egun dituen kapitalak aztertzea. Bigarrena da, gaur egungo kapital horiek oinarri hartuta, komunitateak amestutako eszenatoki horiek zeintzuk diren identifikatzea, eta hirugarrena, berriz, etorkizuneko eszenatokietara iristeko behar diren ekintzak garatzea.

Zer dira, baina, kapitalak?

Komunitate batek bere garapena posible egiteko dituen baliabideak eta bere izaeraren arabera multzokatu egiten dira. Proiektuaren lanketa sei kapitaletan egin dugu: politikoa, ekonomikoa, kulturala, soziala, azpiegitura kapitala eta giza kapitala.

Euskararen biziberritzeaz haratago, gizartearen biziberritzean jartzen duzu arreta. Zergatik?

Proiektuak komunitatearen garapenaren zerbitzura jarri du hizkuntzaren egoera, eta hori izan da niretzat gauzarik interesgarrienetako bat. Euskararen biziberritzea ardatz hartuta, gizartea da biziberritu dena: eraldatu. Ikastolen sorrera biziberritze adibidetzat hartzen da, baina horrek atzealdean beste eraldaketa sozial bat eragin zuen irakasleen prestakuntzan, materialaren egikaritzan, gurasoen borondatean... Euskararen biziberritze prozesuaz ari gara beti, baina funtsean gizarte eraldaketa bat da.

Gizartearen eraldaketa horretan komunitatea jarri duzue lehen planoan.

Komunitatea da hainbat balio, praktika eta atxikimendu partekatzen dituen gizatalde bat, eta euskal komunitatea, berriz, euskararekiko era askotako atxikimenduak konpartitzen dituena. Proiektuaren fokoa, batez ere, euskaraz garatu nahi duen kolektiboan jarri da. Azkenean, noski garatzen dela hizkuntza bat, baina baita komunitatea ere.  

Etorkizuna  nola garatu behar den zehaztu duzue?

Diagnosia egin, nora iritsi nahi dugun eta horretarako zer egin behar dugun aztertuta, azken produktura iristeko inbentario bat egin behar da. Horrela, gure mintegietan, kapitalez kapital,  amestutako eszenatoki horietara iristeko ekinbide nagusiak landu genituen. Kapital politikoari dagokionez, esaterako, gaur egungo aktibo moduan bi norabidetako lankidetza identifikatu genuen. Alde batetik, euskal komunitatea sustatzeko instituzio publikoen eta sozialen artekoa, baita lurraldeetakoa ere. Amestu genuen lankidetza hori oraindik eta fuerteagoa lortzea, eta ekinbidea, berriz, sustapena izatea. Erakunde publikoak eta sozialak sinkronizatuta egin behar dute lan. Ez dute erabateko adostasuna izan behar, baina estrategia batzuk bateratu behar dituzte.

Gizabanakoak ere izango du zer esana, ezta?

Proiektua lantzeko hausnarketek komunitatea trinkotzea ekarri dute. Prozesu erabat parte hartzailea izan zen, eta alor askotako gizabanakoak elkartu ginen. Azkenean, batera egin behar dugu lan; helburu ezberdinekin, baina sinkronizatuta eta elkarrekin. Eusko Ikaskuntzak hiru urteko hausnarketa prozesu baten emaitza emango du, baina komunitateak gauzatu beharko ditu pausoak.

E5 egitasmoan gauzatutako hausnarketa prozesua proposatuko duzu Zumaian. Zergatik?

Zumaia ez dago Euskal Herriko hizkuntza komunitateak duen bidegurutze egoeratik kanpo. Herria eraldatze fase batean dago, batez ere turismo masiboaren eraginez. Hori dela eta, aldaketa garai hauetan interesgarria izan daiteke hizkuntza komunitateak nora nahi duen iristea esatea eta ezagutzea.

Zumaian, baina, euskararen ezagutza eta erabilpena handia da.

Iruditzen zaigu hizkuntzarekin egiten den gauza bakarra ahozkoa dela, eta ez da hori bakarrik. Zumaiako euskal komunitatearen egoera ez da txarra, baina lehen esan dudan moduan, ez dago salbu euskal komunitateak dituen auzi askotatik. Komunitate bat ez da garatzen ahozkoan; komunitateak legedia bat behar du, hedabide sare bat... Zumaian posible da kirola euskaraz egitea? Enpresa guztietako gailuak edo aplikazioak euskaraz daude? Kalean euskaraz egin eta erabilera handia delako ezin da esan krisian ez dagoenik.