Martxoak 8

Feminismoaren olatuak hartu du Zumaia aurten ere

Baleike 2019ko mar. 8a, 22:08

Ehunka, milaka lagunek hartu dute parte gaur iluntzean Zumaian egin den manifestazio jendetsuan. Martxa honekin, eta jarraian Beheko plazan egin den ikuskizunarekin, amaitu da Zumaiako Mugimendu Feministak martxoaren 8aren harira antolatutako ekintza sorta. 

Egunean zehar egindako ekitaldiak erantzun bikaina izan dute, baina iluntzean egindako manifestazioa beste maila batean dago. Gaur egun feminismoak bakarrik bilduko du halako jendetza Zumaian eta Zumaiako mugetatik kanpo. Zaila da jakitea zenbat jende elkartu den martxa honetarako, baina, zalantzarik gabe, milaka izan direla esan daiteke. Erribera kalea ertz batetik besteraino bete dute manifestariek, Txurretik Alondegira arte. Ikusgarria izan da, baita ere, Patxita Etxezarreta kaleko ikuspegia, jendez gainezka, denak feminismoaren aldarriarekin bat eginda.

Manifestazioa Beheko plazan amaitu da, bertan egin den ikuskizun batekin. Dantza izan da, baita musika ere, eta izan dira irakurketak ere. Oraindik azkar da balorazioak egiteko, baina garbi geratu da iaz Zumaiako kolpatu zuen feminismoaren olatuak, bertan errotu dituela sustraiak.