Martxoak 8

Greba feministak herriko erdigunea itxi du eguerdian

Baleike 2019ko mar. 8a, 14:46

Eguerdian egin den mobilizazio zaratatsuak Zubitxikia itxi du eguerdi partean. Ehunka lagun elkartu dira aurten ere Zumaiako erdigunera eramaten duen puntuan, eta minutu batzuez trafikoa moztu dute. 

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Eguerdiko 12:00etarako egindako deiari erantzunez ehunka lagun bildu dira Zubitxikian, Zumaiako erdiguneko sarbideetako batean. Adin guztietako emakumeak hurreratu dira zubi honetara Zumaiako Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez. Gizonezko batzuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Zaratatsua izan da ekitaldia: kazolak eskuetan batzuk; txilibituak ahoan besteek, aldarri feministaren soinuak hartu du kokagune hau. Guztiek zeramaten, gainera, more koloreko zapiak, lepoan edo gerrian. Aurtengo ekintzak Udaltzaingoaren baimena izan du. Une batean herritar hauek denak Zubitxikian eseri dira. Zapiak astindu dituzte, baita borroka feministaren oihuak bota ere. Hala egon dira minutu batzuez. Txalo zaparrada batekin agurtu dute ekintza.

Arratsaldean, bazkalondoren, tailerrak egingo dituzte Beheko plazan. 19:00etan, berriz, Saregileen plazatik abiatutako manifestazioa egingo da. Beheko Plazan amaituko du, eta, 20:00etatik aurrera, ikuskizun bat egingo da bertan.