Gertuk antolatutako stock azoka egongo da asteburuan

Larunbatean egun osoan eta igandean goizean egongo da azoka Erribera kalean eta Oxford aretoan. Haurrentzako ekintzak, kalejira eta trikitilariak egingo dira, eta bezeroen artean 50 euroko lau erosketa bono banatuko dira.

Gertu merkatari eta ostalaritza elkarteak antolatutako stock azoka egongo da asteburuan Erribera kalean eta Oxford aretoan. Larunbatean egun osoz egongo da irekita: 10:30etik 14:30era eta 15:00etatik 20:00etara. Igandean, berriz, goizez bakarrik: 11:00etatik 15:00etara.

Erosteko aukera egoteaz gain, azoka dinamizatzeko programa osatu dute. Horrela, larunbatean, haurrentzako aurpegi margoketa izango da Kofradian, 11:30ean hasita. Eguerdian, trikitilariak egongo dira, eta arratsaldeko seietan zumba kalejira egingo da. Igandean, berriz, haurrentzako tailerrak egongo dira 11:30etatik aurrera, eta 12:00etan, trikitilarien txanda izango da.

Bestalde, azokara hurbiltzen diren bezeroen artean 50 euroko lau erosketa bono banatuko dira.