Martxoak 8

“Bizi dugun egoerari ikusgarritasuna eman behar diogu”

Baleike 2019ko mar. 6a, 16:32

Martxoaren 8aren harira, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean antolatuta, Bizitzak erdigunera izeneko hitzaldia izan zen atzo arratsaldean Oxforden. Bertan izan ziren hizlari moduan Arantza Corrales Oneka plataformako kidea (Euskal Herriko emakume pentsionisten plataforma), eta Juana Aranguren Plazandreok emakumeen plataforma politikoko kidea.

“Emakumeon borrokak ikusgarritasuna behar du, eta hori kalean egiten da. Horregatik, emakume guztiok atera behar gara ostiralean kalera eta gure eskubideen alde egin”, adierazi zuten Arantza Corralesek eta Juana Arangurenek atzo arratsaldean Oxforden eman zuten hitzaldian.

Corrales izan zen lehenengoa hitza hartzen. Oneka plataformako kidea da bera: duela zazpi bat hilabete jaio zen Euskal Herriko emakume pentsionisten plataformakoa. Hain zuzen, egungo emakume pentsionistek duten egoeraren berri eman zuen. Industrializazio garaian jarri zuen lehendabiziko fokua eta handik hasita egungo egoera deskribatzera iritsi zen. Garai hartan emakumeak lanean hasi ziren, baina enpresetako higiene ezak bizitzaren zainketa ekarri zuen. “Nork hartu zituen zainketa lanak? Emakumeak, eta horrek etxean gelditzea ekarri zuen”, kontatu du. Corralesen iritziz, lanak sortutako hiru egoera mota daude: lanpostua (soldatapekoa eta hainbat eskubide dituena), ordaindua (soldatapekoa, baina eskubiderik gabea) eta ez ordaindua. “Egun pentsionistak edo jubilatuak diren emakume gehienek azken bietan egin dugu lan, eta orain, zahartzaroan, eskubiderik gabe aurkitu gara. Gure bizitzan zehar ez dugula kotizatu esaten dute, baina herri honentzat aberastasuna ekarri dugu eta badirudi horrek ez duela ezertarako balio”, nabarmendu zuen. Emakume horien egoera prekarioa dela ere azpimarratu zuen Corralesek. “Emakumeak ez gara inoiz jubilatzen, eta ematen du egoera ez dela aldatuko. Zein da alternatiba? Kalera irtetea. Gure eskubideak eskatu behar ditugu. Oneka elkartea ere horretarako jaio zen. Emakume pentsionistentzako elkarte bat nahi genuen, eta horretaz gain, erakundeekin bitartekaritza lanak egingo zituena”, kontatu zuen.

Juana Arangurenek bere aldetik, feminismoaren historia izan zuen aztergai. Egun, feminismoaren laugarren olatuan bizi garela kontatu zuen. Lehenengoa, aldiz, Frantzian eman zen, XVIII. mendean, ilustrazio garaian. Feminismoaren bigarren aldia, berriz, XIX. mendean kokatu zuen, sufragismoaren garaian. “Hirugarren olatua Bigarren Mundu Gerrarekin hasi zen. Gizonezkoak gerran aurkitzen ziren, orduan emakumeak egiten zuen lan etxetik kanpo. Gerra amaitzean gizonak lanera bueltatu ziren, eta emakumeak berriro etxera. Horrek ordura arte irabazi genituen eskubideen galera ekarri zuen, eta 70. hamarkadan iraultza ekarriko zuen mugimendu masiboa hasi zen”, kontatu zuen. Amaitzeko, laugarren olatua, 2010. urtetik aurrerakoa dela aipatu zuen. Arangurenen hitzetan feminismoa mugimendu globala bihurtu da eta nazioartean egiten dira mobilizazioak. Esaterako, Martxoaren 8a mundu osoan ospatzen den eguna da 1911. urtetik. “Iazkoa aurrerapauso handia izan zen, eta ostiral honetakoak jarraipena izan behar du. Emakumeen grebaz haratago, lanaren, ikasleen, zaintza-lanen eta kontsumoaren greba bat ere izango da eta egun horretan gizonezkoen papera izango da babesa ematea eta emakumeek greba egin dezaten laguntzea”.