Martxoak 8

“Emakume bezala ezin dugu pentsatu beste norbaitek aldatuko duela egoera hau; gure esku dago aldaketa”

Miren Osa 2019ko mar. 6a, 10:48

Salto kualitatiboa nahiz kuantitatiboa eman du aurten Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8ko planteamenduan: lan uzteetatik, 24 orduko greba orokorra proposatu dute. Zumaiako Mugimendu Feministak bat egin du deialdiarekin eta herriko emakumeei* dei egin die mobilizazioetan parte hartzera.

Iazko martxoaren 8a gogoan, gogo eta ilusio handiagoz daude Aratz Zearreta, Tere Eizagirre, Arhane Berriozabal eta Girsilane Bezerra. Greba deialdiak aldarrikatzen dituen bost zutaberen lau aurpegi dira, enplegua, pentsioak, ikasleak eta zaintza, hurrenez hurren. 2018ko martxoaren 8a mugarria izan zela oinarri hartuta, elkarren arteko sareak indartzeko eguna izango dela uste dute. Indarrak batu eta aurten ere kalean egongo direla adierazi dute, greba feminista babestuz.

Greba egingo duzue? Zergatik?
Girsilane: Bai, noski! Kalean egongo naiz, indarra ematen, indarra egiten. Malen Etxearen izenean joango naiz, beste askok ezin baitute. Zergatik? Gure eskubideak aldarrikatu behar ditugulako. Oso egoera prekarioan gaude. Zaintzaren arloan egiten dugu lana eta instituzioek ez digute kasurik egiten. Horrez gain, pentsiodunei ere babesa emateko eguna izango da, baita beste sektoreei ere. 

Tere: Greba bai, arrazoi asko baititugu greba egiteko. Pentsioduna naizen aldetik hor jarriko dut fokua. Greba hau babesteko eta indartzeko talde bat elkartu gara. Behar orokorra dago, egoera oso zaila baita guztiontzat. Hala ere, emakume pentsionista batzuen kasua benetan larria da. Oso egoera txarrean daude. Zaintza lanetan aritu dira bizitza osoan, etxe barruko zaintza lanetara, eta ondo dakigun bezala horrek ez dauka inongo irabazi ekonomikorik. Hori dela eta, alarguntasunaz gain, ez dute pentsio baterako eskubiderik. Etxetik kanpoko lana egin dutenen kasuan ere, oso pentsio baxuko jendea dago. Batez ere beti konbinatu behar izan dutelako zaintza eta lana, inolako kontziliaziorik gabe. Instituzioek ez dute ezer egin egoera beste bat izan zedin. Ez dute ezta emakumeen lana aitortu. Beste gauzen artean hau da gure aldarrikapena. 

Aratz: Nik greba bai. Etxetik kanpoko lanean bajan nago eta fokua zaintza lanetan jarriko dut aurten. Iruditzen zait asko dagoela egiteko arlo horretan. Asko lortu dugula esaten da, baina urrun gaude parekidetasuna lortzetik eta zaintza guztion ardura izatetik. Kontsumo grebaren garrantzia azpimarratzea ere garrantzitsua da. Greba feministari eman zaio garrantzia eta kontsumo greba ez da beharbada erdigunean jarri. Hala ere, oso garrantzitsua egun horretan ez kontsumitzeko deia zabaltzea. Sistema heteropatriarkal kapitalistak joera batzuek hartzera behartzen gaitu, eta ez dugu hausnarketarako tarterik hartzen normalean. Orduan, greba noski, bai lanean, bai etxea, baita kontsumoan ere. Kaleak hartzeko eguna izango da!

Arhane: Nik ere greba egingo dut. Nik uste eskolako ikasle emakume gehienok egingo dugula. Greba egingo dut emakumeon eskubideak aldarrikatzeko, baina nik esango nuke emakume bezala eskolako esparruan ez ditugula hainbeste zapalkuntza jasotzen. Bai, ordea, gizonek gurekiko izaten dituzten jarreraz ohartzen gara. Normaltzat hartzen dituzten jokabideak, komentarioak, jarrerak… Guzti horiek zapalkuntza adierazten dute eta horiei ere aurre egiteko aterako naiz martxoaren 8an kalera.

Bigarren urtea da greba feminista bezala, zer ikasi duzue lehengo urtetik eta zer ekarriko duzue 2019ko martxoaren 8ra?
Tere: Nik uste oso interesgarria izan zela iazkoa. Feministok aspalditik ditugun aldarrikapenek kaleak hartu zituzten, eta, modu batean, nik uste, instituzioei ere deia egin zitzaiela gauzak aldatzeko. Konpromiso bat genuela adierazi genien, eta eginkizun bat dugula.  Bai instituzioei, bai gizonei, baita geure buruari ere. Espero dut lerro horri jarraituz, aurtengoak sakontzeko balioko duela. Zaintza erdigunean jartzeko ordua dela aldarrikatzeko eguna izango da. Behin jubilatuta, asko lehen pertsonan ari dira bizitzen sistemaren gabeziak: zaintza lanen antolakuntza eza, adibidez, eta ohartu dira jasanezina dela, guztiok hartu behar dugula ardura. Etxeko lanak, eta, oro har, zaintza lanak ez dira baloratuta, gehien bat ez direlako banatuta egon. Gizarte honek behar beharrezkoa du zaintza sistema duin bat. Aurtengo leloarekin bat eginez, bizitzak erdigunean jartzeko ordua da.

Girsilane: Gure kasuan, Malen Etxea bezala, aurten indar gehiago dugula esango nuke. Aldarrikapenek, ordea, berdinak izaten jarraitzen dute. Gure egoera ez da ezer aldatu lehengo urtetik hona; inork ez digu kasurik egin. Iaz bezala, eta ahal duenak, kaleak hartuko ditugu, gure arteko harremanak indartzeko, borrokak batzeko. Baina gure aldarrikapenek berdinak izaten jarraitzen dute.

Aratz: Nik uste lehengo urtekoa ezusteko handia izan zela. Mugimendu feministan gabiltzanok ere ez genuen halako erantzuna espero, eta horrek poz handia utzi zuen. Batez ere, bere burua oso feministatzat ez zuen emakumeen kasuan; buruari pare bat buelta emateko balio izan zioten, ahalduntze pauso bat eman zuten. Nik uste aurten urrats hori, lan uzte batetik greba orokorrera, ausarta izan dela. Iruditzen zait erantzun ere ausarta eta handia izango dela, batez ere lehengo urteko sentsazio horrek jendea ahaldundu duelako eta indarrak eman dizkiolako aurten ere kalera irteteko. Nik uste lan handia egin dela urtetan, ikusezina izan dena, baina zaintza erdigunean jartzea eta bizitzei garrantzia ematea funtsezkoa da. Termino horiek gure elkarrizketetan sartzen hasi gara eta hori lehengo urteko garaipenaren ondorioa da. Oraindik, halaber, lan asko dago egiteko. Zaintza lanak guztion ardura direla ohartzeko prozesu handia egin behar dugu, baina esango nuke ari garela pixkanaka urratsak ematen.

Arhane: Balio behar du lehengo urteko elkartasun eta sare horrek segida izan dezan. Saretze horiek lehendik ere bazeuden, baina etxe barruan. Martxoak 8 bezalako egun garrantzitsu batean kaleak hartzea oso adierazgarria izan zen Iazkoak aurtengo martxoaren 8a antolatzeko ilusio eta gogo gehiago eman digu. Ikasleok motibatuago gaude, bai egunari begira, baita bitarteko ekintzetan ere parte hartzeko. Beste indar bat izango duela uste dut.

Bakoitzak bere modura egiteko greba izan zen iazkoa. Aurten, ordea, mobilizazioetan eta parte hartze zuzenagoa eskatu da. Zuen kasuan, nola egingo duzue greba?
Girsilane: Gure kasuan ez dakit zenbat joango garen kalera. Lehen aipatu bezala askok interna moduan egiten dute lan eta horrek erabat baldintzatzen du egoera. Niri dagokidanez gainontzeko emakumeekin batera ibiliko naiz kalean. Pankartak eta aldarrikapenak prestatuko ditut egun horretarako eta goi karguei  mezu argia zabalduko diegu: nahikoa da gure egoera prekarioaren aurrean duzuen isiltasunarekin. Entzun egin behar gaituzte eta elkarren beharra dugu borroka aurrera ateratzeko.

Tere: Herrian kalean antolatu diren ekintzetan hartuko dut parte.  Manifestazioan, bazkarian, tailerretan… egitaraua jarraitu eta kalean izango naiz. Horrez gain, amantala balkoitik zintzilik jarriko dut, etxeko lanetan ere planto egin dudan seinale gisa. Kalean borrokatu ezin duten emakumeei ere gauza bera egiteko esango nieke. 

Aratz: Goizean goiz jaiki eta lasai gosaltzen ahaleginduko naiz. Ondoren kalera atera eta mobilizazioetan zein ekintzetan parte hartuko dut. Bazkal orduan ere, emakume guztiok elkarrekin bazkalduko dugu eta ziur nago egun zoragarria izango dala.

Arhane: Kalean egongo naiz egun osoa. Ekitaldietan parte hartu eta gure eskubideen alde borrokatzeko.

Zuen arloari dagokionez, zein oztopo izan ditzakezue greba eskubidea urratua izan dadin?
Girsilane: Gure kasuan, emakume migranteon kasuan, gutako askok ezingo dute grebarik egin, internak direlako, ezingo baitira etxetik atera.  Oso zaila da kalean egotea beraientzat. Orokorrean, ez dugu eskubiderik: ez jai egunak hartzeko, ez greba egiteko, ez oporrak hartzeko… Ez ditugu oinarrizko eskubideak.

Tere: Nire kasuan ez dut zailtasunik ikusten. Badakit emakume askok zaintza lanak egiten jarraitu beharko dutela eta horregatik nahiko zaila izango dela greba egitea, nahiz eta borondatea eduki.

Aratz: Nik nahiko erreza edukiko dut. Iruditzen zait ingurua nahiko kontzientziatuta daukadala zaintzaren gaiaz, guk egiten dugun lana baloratzen dutelako batez ere. Nire bikotekidearen kasuan, jai hartuko du bere gain hartzeko etxeko nahiz haurraren zaintza. Baina egia da, ama gehienek zailtasunak izango dituztela greba egiteko. Lanean greba egingo badute ere, etxeko zama hori oso zaila egingo zaielako beste baten gain jartzea. Horregatik, oso garrantzitsua da sareak sortzea, sozializatzea, eta elkarren laguntzaz emakumeok martxoaren 8an planto egitea. Erabaki politikoa da, guztiak diren bezala, eta hori ikusarazi behar diogu gizarteari: gu gelditzen bagara, munduan gelditzen da! 

Zer esango zenieten zalantzan dauden emakumeei borrokara batu greba egin dezaten? 
Tere: Emakume bezala asko jokatzen dugula eta indar guztiak behar ditugula egoera iraultzeko. Elkarri lagundu behar diogula ohartu behar baikara eta kalera atera behar dugula. Guk ez badugu egiten, inork ez du gugatik egingo.

Girsilane: Emakume migrante moduan,  jai egunak izateko eskubidea dugula, baita asteburuetan jai egiteko ere. Hori lortu arte ez gara geldituko. Gure aldarrikapenak oinarrizkoak dira eta jendeak bat egin beharko luke gure eskubideekin.

Aratz: Emakume bezala ezin dugu pentsatu beste norbaitek aldatuko duela egoera hau; gure esku dago aldaketa. Utzi ditzagun zaintza eta lan guztiak albo batean martxoaren 8an eta ohartu gaitezen benetan gainean dugun pisuaz. Gizarte honen motorra gu gara, etxean nahiz etxetik kanpo. Gu gelditzen bagara mundua gelditzen da.

Arhane: Egin beharrekoak egun batez egiteari utzi beharko geniokeela, egun bakar batez behintzat. Guztion eskubideak lortzeko bakoitzak bere ondar alea jarri dezake, eta hori lortu behar dugu greba feministan: indar guztiak batu eta olatu handi bat izatea!