Arrate Illaro: “Euskaraldiak lagundu du herrietan aktibatuta zeuden euskaltzaleen sareak indartzen eta saretzen”

Baleike 2019ko mar. 6a, 08:00

‘Euskaltzaleak saretzeko bidean’ izeneko hitzaldiarekin, Euskaraldiak sortu zizkion sentsazioak eta pertzepzioak azalduko ditu Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak gaur Oxford aretoan. ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloaren hirugarren solasaldia izango da. Ohi bezala, 18:30ean hasiko da.

Zer irakurketa egingo duzu hitzaldian?

Nire ikuspegitik eta esperientzia praktikotik Euskaraldiaren gakoak zeintzuk izan ziren kontatzen saiatuko naiz. Ia bi urteko ibilbidea oinarri hartuta, Euskaraldiak ekarri dituen aukerak eta izan zituen zailtasunak azaleratu eta partekatu nahiko nituzke. Euskal Herri guztiko ekimena koordinatu nuen, baina herrietan beste eragile eta euskaltzale batzuk aritu ziren lanean eta guztiok ikuspegi ezberdinak izaten ditugu.

Zure pertzepzio eta sentsaziotik... Zerk izan zuen garrantzia Euskaraldian?

Ekimena egiteko moduak. Iruditzen zait martxan izan genuen elkarlan ereduak ekarri zuela gerora herritarren aktibazioa eta beste hainbat lorpen. Horregatik, gaurko hitzaldian elkarlan eredu horretaz hitz egingo dut, baita herritarren aktibaziorako ikusi nituen gakoez ere. Gainera, etorkizunera begira ere jarriko naiz, eta saiatuko naiz kontatutakoa baliagarria izan dadin bai aurrera begirako Euskaraldirako, bai aurrera begirako lanetarako ere.

Hiru hilabete pasa dira Euskaraldia egin zenetik. Oraindik hala ere diagnosi sakona egiten zaudete.

Alde batetik Soziolinguistika Klusterra egiten ari den hizkuntza ohituren aldaketaren azterketa dago. Horren emaitzarik ez dugu, besteak beste, ikerketa kuantitatiboko hirugarren galdetegia orain bidaliko dugulako. Uda inguruan izango ditugu azterketa horren emaitzak.

Beste aldetik, guk egin dugun barne balorazioa daukagu, baita jaso ditugun pertsonen hainbat bizipen ere. Gure balorazioa koordinazio orokorrean aritu ginen eragileen artean egin dugu, eta herri batzordeekin ere osatu dugu.

Zein izan dira balorazioko punturik azpimarragarrienak?

Garrantzitsuetako bat izan da Euskaraldiak lagundu duela herrietan aktibatuta zeuden euskaltzaleen sareak indartzen eta saretzen. Horretaz gain, gogoeta bat probokatu zuela iruditzen zait. Azterketak esango du hizkuntza ohituren aldaketa zenbateraino gertatu den, baina gutxienez herritar askok beraien ohiturei eta inertziei buruzko gogoetak egin zituztela dakigu eta hori oso interesgarria da. Azkenean, 225.000 herritar aktibatu genituen 11 egun horietan, baina beste askorengana heldu ginela uste dut. Arau sozial batzuk aldatzen hasteko palanka batzuk mugitu genituen.

Hutsunerik aurkitu dituzue? Zeintzuk?

Zer hobetua beti dago noski, eta herri batzordeekin hitz egin dugunean askotan agertu da Ahobizi eta Belarriprest figurek ekarri zituzten zalantzak. Rol berriak dira eta jokabide bat adierazten dute, ez nortasun bat edo ‘nik euskaraz badakit’ edo ‘euskaraz ulertzen dut’. Kontziente gara figura horiek ez zirela behar bezala ulertu. Horretaz gain, lankidetza ereduan zer hobetua eta zertan sakondua dagoela ere ikusi dugu. Kasu askotan posible izan zen lehendik ere herri batzuetan euskalgintzarako eragileak berezko lankidetza harremana zutelako, baina beste leku batzuetan egoera edo harremana zailagoa izan zen.

Urola Kostan zer emaitza izan zuen Euskaraldiak?

Gaindegiak parte hartzaileen mapa bat egin zuen, eta hor ikusi da Urola Kostan oso handia izan zela. Eskualdeko udalerri guztietan osatu ziren batzordeak, eta mugimendua nabarmena izan zen. Hala ere hemen ere badago zer egina. Beste eremu soziolinguistiko batzuekin alderatuta ematen du edo pentsatu dezakegu egoera ona eta erosoa dela; ez dagoela lan asko egiteko, baina ez da horrela. Esaterako, ulermena oso altua da, baina erabilera jaitsi egin da. Beraz, hutsuneak eta transmisioa bezalako beste kezka iturri batzuk ere badaude eskualdean.

2020an egingo da datorren Euskaraldia.

Herri batzordeei galdetu genien ea Euskaraldia berriz egiteko premia ikusten zuten edo ez, eta zalantzarik gabe baiezkoa atera zen. Bide beretik noiz egitea komeni zen ere galdetu genien. Egia esan garrantzia handia eman diogu erritmo egokia bilatzeari. Izan ere, batzordeek izugarrizko lana egin zuten lehen edizioa antolatzen, eta ilusioarekin jarrai dezaten, erritmo egokia bilatzen ahalegindu gara.

Bi urtetik behin izango da, ezta?

Printzipioz bai, baina ekimen berria da eta egin ahala eta esperientziaren arabera moldaketak eduki ditzake. Hau ez da bakarrik Topaguneak erakunde publikoekin batera antolatzen duen zerbait. Hau herrietan eta bertako batzordeetan antolatzen da, beraz guztion artean hausnartu eta erabakitzekoa da.

Hurrengo urteko edizioan entitateak aktibatzeari jarriko diozue arreta.

2018an norbanakoak izan genituen oinarri eta horiek Ahobizi eta Belarriprest moduan eman zuten izena, baina entitateetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak eman nahi ditugu hurrengo Euskaraldian. Entitateek badituzte halako arau edo azpiegitura batzuk eta horietan urratsak emateak bere denbora eskatzen du. Hori ere kontutan hartuta erabaki genuen urteroko dinamika baino komeni zela hurrengo edizioa 2020an izatea. Hala ere, dagoeneko lanean aurkitzen gara eta lehenengo proposamena egin diegu herri batzordeei. Maiatzaren bueltan behin betiko proposamena egingo dugu.

Uste duzu Euskaraldia aldian behingo ekimen sinboliko bihurtuko dela?

Ez dakit, baina ez dut uste. Argi dugu Euskaldia ez dela ariketa sinboliko bat, praktiko bat baizik. Horregatik gaude moldatzeko irekita, eta ikusten badugu komeni dela beste nolabait egitea aldatuko dugu. Gure helburua da herritarrak beraien hizkuntza ohiturak aldatzea, eta horretarako entitateek ere eman behar dituzte urrats batzuk. Fokua mantentzen badugu, eta hori argi baldin badugu, joango gara moldaketak egiten helburura iristeko. Hasieratik esan dugu ez dela kanpaina bat; ariketa praktiko bat da eta oso kontziente gara horretaz. Horregatik, tentu handiz ari gara urratsak ematen.

Erlazionatuak