Sute txiki bat gertatu da Foronda inguruan

Baleike 2019ko mar. 5a, 16:14

Bizilagun batek eman dio abisua Udaltzaingoari, Amezmendin sute bat zegoela, Foronda jauregitik gertu, Bidegaña izeneko maldan. Ez da azpimarratzeko kalterik izan, baina Udaltzaingotik gogorarazi dute abisu horian gaudela sute arriskuagatik, eta eskatu dute tentuz eta arduraz jokatzeko.

Arratsaldeko ordubiak aldera jaso dute sutearen abisua Udaltzaingoan, eta sei su-itzalgailu eskuan hartuta abiatu dira sua lehenbailehen itzaltzera. “Ez genekien sutea kontrolatzeko gai izango ginen, eta badaezpada suhiltzaileei deitu diegu”, azaldu digute. Suhiltzaileak segituan iritsi diren arren, ordurako  sutea itzalita zeukaten. “Sua itzaltzea lortu dute udaltzainek eta gure lana izan da erre den ingurua urez freskatzea”, esan du suhiltzaileetako batek.

Sutea ez da oso handia izan, “sasi eta sastraka batzuk”, suhiltzaileek kontatu dutenez. “Ez da aparteko kalterik izan, eta inguruan dagoen txabolari ere ez zaio ezer gertatu. Ez dakigu nahita edo nahigabe eragindako sutea izan den. Agian ahaztutako zigarreta punta batek piztu du, auskalo”, adierazi dute. 

Sute arrisku handia dagoela gogorarazi dute Udaltzaingotik eta eskatu dute tentuz eta arduraz jokatzeko.

[Argazkiak: Zumaiako Udaltzaingoa]