Martxoak 8

Zaintzarako espazioa jarriko du gaztetxeak Martxoaren 8an

Baleike 2019ko ots. 27a, 12:41

Seme-alabak gaztetxean uzteko asmoa izanez gero, torreberrigaztetxia@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko da.

Martxoaren 8ko greba feministaren harira, grebara deituta dauden emakumeei zaintzarako espazio bat eskainiko die Torreberri Gaztetxeko hainbat kidek. Hau da prestatu duten oharra:

"Egun horretan gaztetxea haurren zaintzarako espazioa izatea nahi dugu, eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioek iraun bitartean. Arreta behar duten haurren zaintzaz arduratuko gara, horretaz arduratu ohi diren emakumeei mobilizazioetan parte hartzea errazteko asmoz.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarein bat eginez, uste dugu egun horretan gizonezkoak direla zaintzaz eta etxeko lanez arduratu behar dutenak, eta, zentzu horretan, gaztetxea 'zaintza komunitarioko espazioa' izatea nahi dugu. Era berean, gainerako eremuetan zaintzaren eta etxeko lanen ardura hartzeko deia egin nahi diegu gizonezkoei.

Seme-alabak gaztetxean uzteko asmoa izanez gero, mesedez, bidali mezu bat torreberrigaztetxia@gmail.com helbidera. Espazioaren eta txanden antolaketa erraztuko liguke horrek. Espazioa esandako erabilera emateko atontzen edo turnoak osatzen lagundu nahi duzuen gizonezkoek ere idatzi dezakezue, aipatutako helbidera".