Miguel Angel Fernandezek irabazi du erorketa batek hankaz gora utzi duen Zumaia Saria

Baleike 2019ko ots. 23a, 16:10

Zumaiako XI. txirrindularitza saria jokatu dute gaur goizean. Txirrindularitzaren festa izateko borondatea zuen probak, baina, azkenean gorabeheratsua gertatu da erorketa handi bat izan dela medio. 

Elite eta 23 urtez azpiko 200 txirrindulari abiatu dira goizeko 10:00etan Zumaiako erdigunetik. Berez, 200dik gora ziklista aurkeztu dira helmuga puntura, baina, nazioarte mailako erakundeak ezartzen duen kopuruaren jakitun, kirolari batzuk atera ezinik geratu dira. 

112 kilometroko bidea zuten aurretik txirrindulariek. Bi itzuli emango zizkioten saihesbideari, eta beste sei Zakila Birari. Azken zirkuitu honi bigarren itzulia ematen ari zirela, eroriko handi bat gertatu da Oikia parean, eta lasterketa gelditu egin dute. Zortzi txirrindulari eraman dituzte erietxera anbulantzietan. Lasterketa jarraitzeko anbulantziarik ez zegoen, eta, beraz, epaileek aurreikusita zegoen karrera bertan behera uztea erabaki dute. Behin anbulantziak itzuli direnean, karrera berriro hasi dute; kasu honetan bi itzuli emango zizkioten Zakila Birari, eta hala amaituko zen Zumaia Saria. 

Ohikoa den bezala, esprintean erabaki da lasterketa, eta irabazlea Baqué taldeko Miguel Angel Fernandez Ruiz izan da. Bigarren Goierriko Mikel Paredes izan da, eta hirugarren Lizarteko Raul Rota, denak ere denbora berean.