Hondarribiko XIX. Traineru Jaitsieran izango da bihar emakumezkoen trainerua

Baleike 2019ko ots. 22a, 19:24

Aurredenboraldian antolatzen diren ohiko test-estropadetako bat jokatuko da bihar Hondarribian. Lau urte ondoren, nahiz eta tartean saiakera bat egon zen, berriz ere uretan izango da emakumezkoen trainerua. Estropada bezperan Kike Manterola entrenatzailearekin hitz egin dugu. 

Arratsaldeko lauetan emango zaio irteera Hondarribiko XIX. Traineru Jaitsierako lehen tripulazioari. Behin irteera emanda, minutuz minutu, erlojuaren kontra lehiatzera irtengo dira traineru guztiak. Aurredenboraldi honetako lehen test-estropada izango da zumaiarrentzat. “Aurretik bizpahiru jokatu dira Bizkaian, baina guretzat hau izango da aurrena”, kontatu du Kike Manterola entrenatzaileak. Helburu bakarra eta garbia du Manterolak: “arraunean ongi egitea. Emaitzaren gainetik arraunean ongi egitera irtengo gara”, azpimarratu du. “Behin estropada amaitzean egindako lana analizatu beharko dugu, eta denboraldia iritsi arte lanean jarraituko du”, esan du.

Jubenil mailako traineru bakarra aterako da lauetan, ondoren beteranoak irtengo dira, eta jarraian emakumezkoen txanda etorriko da. Guztira hamar traineru lehiatuko dira emakumezkoetan: Euskotren ligako lauak eta beste sei. “Beste taldekoekin elkartuko gara lehendabiziko aldiz, eta gu nola gauden ikusteaz gain, biharko estropadak gainerakoak ere nola dauden ikusteko balioko digu”, kontatu du. Emakumezkoen artean lehenak izango dira irteten, 16:10ean.

Test-estropada izateak berezitasunik duen galdetzean hau izan da Manterolaren erantzuna: “horrelakoetan normalean inork ez ditu bere karta guztiak erakusten. Talde bakoitza bere estrategiarekin joaten da, baina beno bakoitzak badaki zernolako arraunlariak dituen eta zer lan egiten ari den”.

Pixkanaka hobetzen

Neguko lanarekin pozik agertu da entrenatzailea. Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, “emakumezko traineruarentzat berriz ere hasiera bat da”, adierazi du. Hala ere, pixkanaka hobetzen ari direla nabarmendu du. “Gabonetatik hona egin dugun hobekuntza  nabaria da, pixkanaka bada ere, pausoak ematen ari gara eta hori positiboa da. Hala ere gauza asko daude oraindik zuzentzeko eta hobetzeko”, jarraitu du.

Biharko estropadaren aurrean arraunlariak ilusioarekin daudela nabarmendu du. “Asteazkenean entrenamendu polita egin genuen, Jon Martija laguntzailea eta biok gustura bukatu genuen, baita arraunlariak ere. Gogoz daude eta hori ona da. Bihar emaitza polita lortuz gero, animoan eragina izango du”, aipatu du.

Beteranoak eta batelak ere lehiatzeko prest

Zumaiako Arraun Elkarteko beteranoen trainerua ere Hondarribian izango da bihar. Bederatzi tripulazio izango dira lehian eta zumaiarrak seigarren aterako dira, 16:06an.

Batelen Gipuzkoako ligari dagokionez, zazpigarren jardunaldia jokatuko da igandean Trintxerpeko uretan, 11:30etatik aurrera. Zumaiatik 10 batel joango dira.