Zumaiako XXXV. Herri Lasterketa jokatuko da bihar

Baleike 2019ko ots. 22a, 14:13
Aitor Mimenza izan zen iazko garailea gizonezkoetan.

Aurtengo edizioa berezia izango da, izan ere, 35 urteotan lasterketa hori antolatzen ibili den Fran Aizpurua kirol teknikariak omenaldia jasoko du. Haurren lasterketak 15:45ean hasiko dira, helduen biak, berriz, 17:00etan.

Zumaiako XXXV. Herri Lasterketa jokatu da bihar arratsaldean herriko kaleetan barrena. Lasterketa nagusiak 17:00etan hasiko diren arren, aurrez, etxeko txikienek izango dute korrika egiteko aukera. Horrela, adin ezberdinetako haurrentzat egokitutako hainbat lasterketa izango dira 15:45ean hasita:

  • 15:45ean alebinak (2007-2008an jaiotakoak): 1.050 m
  • 16:10ean infantilak (2005-2006ean jaiotakoak): 2.100 m
  • 16:10ean kadeteak (2003-2004an jaiotakoak): 2.100 m
  • 16:30ean benjaminak (2009-2010an jaiotakoak): 300 m
  • 16:35ean aurre benjaminak (2011-2012an jaiotakoak): 300 m. Azken hauek guraso batez lagunduta parte hartu beharko dute.

Haurren lasterketak amaituta, 17:00etan, helduen txanda izango da. Kasu honetan, parte hartzaileek bi lasterketen artean aukeratu ahal izango dute: 5.600 metrokoa eta 10. 200 metrokoa.  Lehenengoan parte hartu ahal izateko 11 euro ordaindu beharko da, eta bigarrenerako, aldiz, 13 euro. Izen-ematea aurrez egin daiteke www.herrikrosa.eus webgunean, edota egunean bertan (kasu honetan garestiagoa izango da). 

Lasterketa guztiak, haurrenak nahiz helduenak, Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta bukatuko dira. Kirol ekitaldiarekin amaitzeko sari banaketa 18:30ean egingo da.

Fran Aizpuruari omenaldia

Krosaren aurtengo edizioa berezia izango da, izan ere, Udaleko kirol teknikaria den Fran Aizpuruak erretiroa hartuko du. Aizpurua hasieratik ibili da lasterketa horren antolaketan, sortzaileetako bat ere bada eta herriko kirolaren alde lan asko egin du urte horietan guztietan. Hori dela eta, Udalak eta Zumaiako kirol elkarteek merezitako omenaldia eskainiko diote. Ekitaldi hori haurren lasterketak bukatu eta helduenak hasi bitartean egingo da.