Antonio Valencia: "Intsektuak leku guztietan daude, baina ez diegu jaramonik egiten"

Baleike 2019ko ots. 17a, 09:00

Zomorroen mundu ezezagun eta miresgarrian murgiltzeko aukera dago egunotan Alondegiko Oxford aretoan. Antonio Valencia argazkilariaren Xomorroak argazki erakusketa ikus daiteke areto honetan, otsailaren 24ra arte, 18:00-20:00 ordutegian.

Caceresen jaioa, Donostian bizi da Valencia azken 46 urte hauetatik hona. Lanbidez autoen mekanikoa da, eta argazkigintza du zaletasuna. “Azken finean ondo pasatzeko eta lanetik deskonektatzeko helburuarekin ateratzen ditut argazkiak”, dio. Bereziki intsektuen eta animalia txikien munduan espezializatu da. “Argazkigintzan hasi nintzenetik maite izan du animalia nimiñoen mundua. 27 daramatzat argazkiak ateratzen. Makro delako argazkiak ateratzen hasi nintzen eta, pixkanaka, bilduma bat osatzen hasi nintzen. Animalia txikien edo intsektuen argazkiak denak ere.

“Intsektuena ezkutatutako mundua da, baina, aldi berean, hor dago. Intsektuak leku guztietan daude, baina ez diegu jaramonik egiten”, dio argazkilariak. Igela txikiak, narrastia, euliak, liztorrak eta sorgin-orratzak ikus daitezke Oxfordeko hormetan zintzilikatutako argazkietan. Eta baita armiarmak, kakalardoak, eskorpioiak eta eskorpioi faltsuak ere. “Bi milimetro besterik ez dituzte hauek. Argazkian agertzen den hori nire besoko ile bati itsatsita dago. Normalean eulien hanketara itsasten dira, eta haien bidez mugitzen dira batetik bestera”.

Argazki bakoitzaren atzean historia bat dagoela dio Valenciak. “Argazki bat atera eta intsektua identifikatzen ez dudanean, informazio bila hasten naiz”. Intsektuen munduko aditua bihurtu da denborarekin. “Lanbidez mekanikoa naiz. Kotxeen aurrealdean hildako intsektuak egoten dira, eta horien bidez jakin dezaket auto hori non ibili den. Hemen aurki daitezkeen intsektuak ez baditu, jakin dezaket auto hori, adibidez, Andaluzian edo Gaztelan izan dela”.

Ezezaguna zaigun mundu batekin harrituta geratzeaz gain, erakusketa honek badu beste funtzio bat, eta da bizidun txiki hauek errespetatzea. “Behin mendira joaten bazara, agian gauza gehiagoz fijatuko zara. Edo txindurrien ilara bat ikustean, zapaldu beharrean, gainetik pasako zara”.