Flamenko doinuek girotuko dute Musika Eskolakoen inauterietako emanaldia

Baleike 2019ko ots. 16a, 09:00

Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak flamenkoa aukeratu du aurtengo inauterietako gai nagusitzat, eta Andaluzian egiten den moduan, feriako giroa taularatuko dute martxoaren 1ean Beheko plazan egingo duten emanaldian. Martxoko Periyak herritar guztiontzat zabalduko ditu ateak egun horretan, 18:30ean.

Inauterien atarian gaude, eta Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako kideek urtero egiten duen moduan, inauterietako jaialdia iragartzeko argazki erraldoia atera zuten atzo arratsaldean Beheko plazan. Aurtengo gaiak Espainiako hegoaldera eramango gaitu eta Musika Eskolako kideek hango doinu bereizgarriak ekarriko dituzte Zumaiara.

Datorren martxoaren 1ean egingo dute emanaldi nagusia, eta bertan, Martxoko Periya irudikatuko dute. 18:30ean abiatuko dira Ubillos jauregitik kalejiran, eta lehenengo geldialdia San Juan iturrian egingo dute. Handik Erribera kalera joango dira, Beheko plazan amaitzeko. Hemen, Andaluziako feria tipikoa ikusteko aukera izango da, eta, besteak beste, Esti Curiel eta Inazio Tolosaren eskutik antzerkia egongo da.  “Inauteriek musika estilo ezberdinak lantzeko aukera ematen digute. Aurten 1940. urtetik aurrerako flamenkoko abestiak, artistak eta doinuak ari gara ikasten. Instrumentu ezberdinen ezagutza ere handitzen ari gara, baita flamenkoak duen kultura nahasketa hori”, azaldu du Sofia Oria irakasleak.

Ikasleez gain, irakasleek ere parte hartuko dute emanaldian, eta flamenko dantzak ikasteko Juncal Martin flamenkoko irakaslearen eskuetan jarri dira. “Oso ongi pasatzen dugu guk ere, eta gainera, ikasleekin parez pare jarri nahi dugu. Askok emanaldietan ateratzeko lotsa izaten dute, eta erakutsi nahi diegu irakasleok ere sentsazio bera izan dezakegula, baina beraiekin batera lotsari aurre egin eta taularatuko garela”, kontatu du.

Jantzi tailerrak eta kalejirako entseguak

Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak antolatzen duen 12. Inauteri jaialdia da aurtengoa. Betiko ilusioa dute jarrita, eta emanaldia ongi ateratzeko aurrez jantzi tailerrak eta kalejirako entseguak izango dira. Horrela, otsailaren 26an eta 27an flamenko jantziak prestatzeko tailerrak egingo dituzte musika eskolan bertan, 18:00etatik 19:00etara. Kalejirako entseguak, berriz, Torreberrin izango dira otsailaren 25ean eta 28an, 17:00etatik 17:30etara.

Martxoko Periya iragartzen duen kartel nagusia, pegatinak eta eskolan lantzeko fitxak Ander Hormazuri artistak egin ditu. Emanaldia sekretupean izan nahi dute eskolako kideek, baina Sofiak aurrerapen txiki bat eman du: “Flamenkoaz gain, bi kulturen arteko fusioa ere ikusteko aukera egongo da. Horretarako, Alain Maya gure dantza irakaslearen eta Juncalen artean zerbait berezia prestatuko dute”.