‘Izur’ dokumental laburra estreinatu dute Zumaienan

Baleike 2019ko ots. 15a, 07:54

Zumaiako Udalak, Erkibe Kultur Elkarteak, Pixelatu ekoiztetxeak eta Zumaiena ikastetxeak Izur film laburra aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Frankismoaren errepresioaren ondorioz eta euren borondatearen aurka Gipuzkoatik ehunka emakume eta haur kanporatu zituztela gogoratzen du dokumentalak.

Duela astebete Erkibe Kultur Elkarteko Joseba Esnalek, Pixelatuko kide Estibaliz Urresolak, Zumaiako Udaleko zinegotzi Ane Arregik eta Zumaiena ikastetxeko zuzendari Isaak Aranberrik  Izur dokumental laburraren berri eman zuten, eta atzo, Zumaiena ikastetxeko aretoan estreinatu zen jendaurrean.

Dokumentalak duela 82 urte frankismoaren errepresioaren ondorioz eta euren borondatearen aurka Gipuzkoatik ehunka emakume eta haur kanporatu zituztela gogoratzen du. “1937ko otsailean, neguko goiz euritsu batean, 252 zumaiar etxeetatik atera eta errukirik gabe, Zumaiatik kanporatuak izan ziren”, esan zuten film laburraren arduradunek.

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Ibon Ibarguren Zumaienako irakasleak, Joseba Esnal Erkibe Kultur Elkarteko kideak eta Estibaliz Urresola dokumentalaren egileak solasaldi bat izan zuten. Ibargurenek hiru hitzekin laburtu zuen dokumentala: hunkipena, bizipena eta sufrimenduarekin bat egitea. Esnalek, berriz, memoria historikoaren garrantzian jarri zuen fokua. “Nire iritziz, dokumental honetan ikusitako gertaera horiek kaleratu egin behar dira, jendeak ezagutu egin behar ditu. Kontzientzia kritikoa landu egin behar da”, esan zuen. Urresolak, bere aldetik, emakumeek izan zuten garrantzia goraipatu zuen. “Ez ziren biktimak izan, protagonistak baizik. Beraiei esker familia egitura mantendu zen, gure hizkuntzak bizitzen jarraitu zuen…” gogorarazi zuen. Esnalek esandakoari jarraituz, zuzendariak hau gaineratu zuen: “Historia berriz ez errepikatzeko aurrez gertatutakoa ezagutu egin behar da”.

Estreinaldian erakundeetako hainbat arduradun izan ziren. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria den Maribel Vaquero eta Gogora Institutuko zuzendaria den Aintzane Ezenarro. Oier Korta Zumaiako alkatea ere bertan izan zen. Erakundeei eskerrak eman zizkien egin duten lanagatik eta dokumentalean jasotzen diren bezalako bizipenen dokumentazioaren aldeko aldarria egin zuen.