Keretxudin libre geratu diren hamabi partzelak esleituko ditu Udalak

Baleike 2019ko ots. 14a, 16:13

Keretxudiko baratze parkea iazko azaroaren 21ean zabaldu zuten. Bertan, 50 partzela egokitu zituzten. Lehen deialdi batean ez zituzten lursail guztiak bete, eta hamabi libre gelditu ziren. Udalak beste deialdi bat egin du partzela horiek esleitzeko.

Udal baratze-parkean, partzela bat eskuratzeko interesa dutenek izena eman dezakete 2019ko otsailaren 28ra bitarte. Behin epea igarota, eskatzaileen artean, gelditzen diren partzelak zozkatuko dira. Eskaerak Zumaiako udal erregistroan aurkeztu beharko dira eta ordenantzan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da:

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

Ezinbestekoa izango da baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Horrekin batera, inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

Erlazionatuak