13.500 kalamu landare atzeman ditu Ertzaintzak Oikian eta Itziarren

Ertzaintza, Larra fabrika zaharraren atarian. (Argazkia: Baleike.eus)

10.000 kalamu landare atzeman zituzten Oikian, eta 3.500 Itziarren, urtarrilaren amaieran egindako operazioan. Guztira, zazpi pertsona atxilotu eta lau identifikatu zituzten, droga-trafiko delitua leporatuta.

Urtarrilaren amaieran abiatu zuen Ertzaintzak drogaren aurkako operazioa, eta xehetasunen berri eman dute gaur, ohar bidez. Oikiako Larra fabrika zaharra miatzera sartu ziren urtarrilaren 29an. Zehazki, hamar pertsonak kudeatutako bi pabiloi miatu zituzten. Beroa ekoizteko fokuak, aireztatzeko hodiak, haizagailuak, higrometroak, termometroak, langargailuak eta kalamua ekoizteko bestelako gailuak aurkitu zituzten bertan, baita 10.000 kalamu landaretik gora ere. Horrez gain, 7,65 milimetroko munizioa zeramaten bi arma motz konfiskatu zituen Ertzaintzak.

2018ko azaroan abiatu zuten ikerketa, hain justu, kalamua hazi eta trafikatzen zuen talde baten mugimenduen zantzuak jaso zituztenean. Ikerketaren ondorioz, aurrez aipaturiko taldeak kalamuaren ekoizpenerako eta tratamendurako instalazioak prest zituztela egiaztatu ahal izan zuen Ertzaintzak. 

Larra fabrika zaharreko instalazioetan beren segurtasun sistema pribatua zuten ezarrita, bideozaintzako kameren bitartez. Ertzaintzak egiaztatu ahal izan duenez, fabrika kanpoko modulu batetik zaintzen zituzten kamera horiek. Horrez gain, instalazio osoa energiaz hornitzen zuen argindar sorgailu indartsu bat ere bazuten fabrikaren kanpoaldean. Joan-etorrietarako erabiltzen zituzten sei kotxe eta bi furgoneta ere atzeman zituzten fabrikaren inguruetan. 

Bestetik, taldearen jarduera Itziarko baserri huts batean ere gauzatzen zela egiaztatu ahal izan zuten ikerketan. Ertzaintzaren arabera, hodiekin, fokuekin eta energia sorgailuekin prestatuta zuten eraikina. Urtarrilaren 31n miatu zuten baserria, eta 3.500 kalamu landare aurkitu zituzten bertan.

Taldeko buruaren etxean ere izan zen Ertzaintza: lehortzen jarritako 23.000 kalamu kukulu, kalamuaren tratamendurako zenbait produktu, subfusil bat, errebolber bat eta jaurtigairik gabeko pistola bat atzeman zituzten, diru kantitate handi batez gain.

Ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Ertzaintzak. Kalamua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ere banatu dutela uste dute. Guztira 27 eta 55 urte arteko bost gizonezko eta bi emakumezko atxilotu dituzte, droga-trafiko delitua egotzita.