Irati Arakistain eta Joar Garate Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan izango dira

Baleike 2019ko ots. 12a, 11:47

Ostiralean hasiko da txapelketa Ibarran. Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute, tartean, Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrek.

Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Txapelketa. Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute, eta lau kanporaketa egingo dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–. Finala, berriz, Lasturren izango da apirilaren 5ean.

Joar Garatek lehenengo kanporaketan hartuko du parte Ibarran, Araitz Sagarnarekin, Aitor Tatiegirekin, Ekain Tolaretxipirekin eta Hodei Munduaterekin batera. Martxoaren 15ean igoko da oholtza gainera Irati Arakistain, Orion, eta Maide Garmendiarekin, Joane Aldalurrekin, Aner Peritzekin, Xabier Agirrerekin eta Jon Azpirozekin ariko da kantuan.

Saio horiek afari formatuan egingo dituzte, eta dagoeneko salgai daude afaritarako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrerak saioaren aurreko ostegun eguerdira arte izango dira eskuragarri.