Arantza Aranburu: "Iraganeko klimaren kutxa beltzak dira kobazuloetako estalagmitak"

Gorka Zabaleta 2019ko ots. 27a, 10:02
Arantza Aranburu geologoa Praileaitzen 'Novella' estalagmita aurkitu zutenean.

Azken milaka urteotako klima nolakoa izan den zehaztasun handiz jakin dezakete ikertzaileek kobazuloetako estalagmitei esker. Lan horretan ari da Arantza Aranburu geologoa gure inguruko zenbait kobazulotan.

Txindoki eta Aizkorriko tontorrak umetatik izan dira Arantza Aranbururen (Olaberria, 1966) paisaiaren parte. "Mendi horiek guztiak nola sortu ziren nire gurasoei esplikatzen saiatzen naiz, haiek ulertzeko moduan. Izan ere, inguratzen gaituen paisaia nola sortu den ulertzen dugunean dena beste modu batera ikusten dugu. Eta laguntzen digu ulertzen zergatik garen garen modukoak". Gurasoekin jartzen duen enpeinu berbera jarri du elkarrizketa honetan, karst-a zer den eta kobazuloetan egiten ari diren lana uler dezagun.

Zumaia inguruan daukagun paisaian, flyscha eta karsta oso esanguratsuak omen dira. Flyscha zer den ikasi dugu pixkanaka, baina zer da karsta?

Bai, alemanieratik ekarritako bi hitz arrotz dira, gainera... Gure paisaia ulertzeko funtsezkoa da ulertzea zer den karsta. Azken finean, urak haitzean gauzatzen duen disoluzioa da. Edozein arrokatan gertatzen da, baina kareharrian nabarmenagoa da eta gurean kareharria da nagusi.

Beraz, kimikarekin dauka zerikusia?

Hori da. Urak disolbatzaile lana egiten du. Erraz esplikatuta, urak egiten duena da ph-a aldatu, haitzetan dauden mineral batzuk desegonkortu egiten dira, eta urak gaitasun kimiko handia dauka mineral horiekin lotu eta berekin eramateko. Eta ur hori azidotuta baldin badago, haitza disolbatzeko gaitasun handiagoa izango du.

Baina guk karst deitzen diogu paisaia mota jakin bati...

Karsta da urak disolbazioz jandako haitza. Gertatzen dena da kare haitza oso egokia dela urak kaltzioa disolbatu eta eskultura modukoak lantzeko, eta horrek paisaiari izaera berezia ematen dio.

Horiek dira Lastur eta Olatzeko bailarak, esate baterako...

Horiek dira bi adibide on. Ez dakit jabetu zareten, baina kosta lerrotik barrurantz begiratuz gero, mendi tontor gehienak oso metro gutxiko aldearekin lerroka daitezke, multzo ezberdinetan. Kostatik hasita, badago koska bat 80 bat metrora dauden tontorrekin, beste bat 300 bat metrora, atzerago beste bat 600 bat metrora eta azkena mila ingurura. Batzuk dira tontorrak eta beste batzuk mendi etzanagoak. Adibidez, Andutz eta Salsamendi. Zergatik dute hainbat tontorrek altuera ia berbera? Ez al da bitxia?

Eta erantzunik ba al daukazu?

Itsas hondoan sortutako kareharriak direlako. Behin baino gehiagotan entzungo zenuten gaur egun labarretan ikus ditzakegun flysch horiek itsaso sakonean sortu zirela duela milioika urte. Ba, garai berekoak dira gaur egun barnealdean dauzkagun kare haitzak. Sakonera txikiko uretan sortu ziren haitz haiek, orduko kosta lerrotik gertuago. Gero, Pirinioekin batera, itsas hondo hura altxatu zenean, kare haitz lau eta garbia geratu zen azalean. Zer gertatzen da horrelakoetan? Lurrazala laua bada, euri urak ez du aldaparik maldan behera abiatzeko. Zer egiten du? Haitzak dauzkan zirrikituetan sartu eta kare haitza jaten hasten da, kaltzioa disolbatzen. Lauzpabost milioi urtez lanean, gaur egun ikusten dugu paisaia landu du: altuera bereko tontor segidak, disoluzioak eragindako dolinaz eta zuloz bananduta. Horri deitzen zaio arrautza kaxa itxurako karsta.

Arantza Aranburu geologoa estalagmita bat aztertzen laborategian.

 

Urak haitzean egiten duen etengabeko disolbatze lan horren emaitzetako bat kobazuloak dira. Azken milaka urteotan klima nola aldatu den ari zarete aztertzen kobazuloetan. Nola egiten duzue?

Ohartu gara kobazuloetako estalagmitak [zoruan behetik gora tantaz tanta sortzen diren kandelak] iraganeko klimaren kutxa beltzak direla. Urtez urteko zehaztasunez azter daiteke milaka urtetako klima. Aldera daiteke zuhaitzetako enborren eraztunekin.

Zergatik estalagmitak eta ez estalaktitak?

Estalagmitak hobeto gordetzen du kobazuloak urtez urte izan duen batezbesteko tenperatura. Ur tanta oraindik estalaktitan zintzilik dagoenean kanpoko tenperaturarekin dator, eta oso aldakorra izan daiteke. Tanta lurrean osatzen ari den estalagmitara erortzen denerako kobazulo barruko tenperaturara egokitu da. Eta hau garrantzitsua da: kobazulo barruko tenperatura eta kanpoaldeko urte osoko batezbesteko tenperatura bat datoz beti. Hori gertatzen da kobazuloek autoerregulatzeko sistema bat dutelako. Beraz, horri esker, estalagmitek gordetzen dute ondoen kanpoko batezbesteko tenperaturaren erregistroa.

Konforme, baina estalagmita batean zer arrasto uzten du tenperaturak? Nola zarete gai hori neurtzeko?

Hemen kimika sartzen da berriro... Ura hidrogenoz eta oxigenoz dago osatuta, hori badakizue. Baina urak daraman oxigenoa bitan bereiz daiteke: oxigeno 16 motakoa eta 18 motakoa. Itsasotik lurruntzen denean, urak bi oxigeno motak proportzio berean dauzka. Baina proportzio hori aldatu egiten da, besteak beste, tenperaturaren eraginez Zenbat eta tenperatura altuagoa, orduan eta oxigeno 18 gehiago. Estalagmitan tantaz tanta sortzen joan den kristal horretan hori bilatzen dugu, oxigeno moten arteko proportzioa. Horrela jakin dezakegu garai bakoitzeko tenperatura, eta zer bilakaera izan duen, berotzera edo hoztera jo duen.

Eta neurtzen duzuen beste parametroa euria izango da, ezta?

Hori da. Garai bakoitzean euri gehiago edo gutxiago egin duen jakiteko estalagmita osatzen duten kristalen formari begiratzen diogu. Kristalak nola osatu diren. Izan ere, tanta jarioaren erritmoak erabat baldintzatzen du kristalaren barruko forma. Hori mikroskopioarekin ikusten da oso ondo. Euririk falta ez den garaietan tanta jarioaren erritmoa altuagoa izango da, demagun tanta bat edo bi minutuko. Kasu horietan, estalagmita beti dago bustita eta kristala oso modu ordenatuan sortzen da, zutabeak osatzen ditu, bata bestearen segidan. Baina garai lehorragoetan, jarioa askoz pausatuagoa denean, kristala modu desordenatuagoan sortzen da, ura falta zaiolako. Abaniko moduko formak osatzen ditu, orratzekin. Hortik abiatzen gara euriaren bilakaera neurtzeko.

Novella estalagmitaren barrualdea.

 

Baina hori ez da nahikoa estalagmita balekoa izateko...

Ez da nahikoa, ez. Bada ezinbesteko beste baldintza bat: datagarria izan behar du. Hau da, kapaz izan behar dugu estalagmita hori osatzen duten kristalak noiz sortu ziren jakiteko. Datarik gabe, ezin ondorio zehatzik atera. Eta horretarako uranioa da giltza. Beharrezkoa da kobazulora iritsi den ur tanta horrek bidean uranio pixka bat jaso izana. Tanta estalagmitara erortzen denean, kristalean kapsulatuta gelditzen da uranioa. Uranioa erradioaktiboa da, beti dago desegite prozesuan, eta kristalaren barruan hasten da "umeak" egiten, abiadura konstantean. Torio partikulak dira uranioaren umeak. Zenbat ume belaunaldi sortu dituen neurtuta jakin dezakegu zenbat denbora pasa den estalagmitara iritsi zenetik. Horrela datatzen ditugu estalagmitak. Zehaztasun handiz data daitezke nahikoa uranio edukiz gero, eta hor badugu zailtasun bat.

Zer zailtasun?

Orain arte Geoparkean aztertu ditugun estalagmita gehienek ez dute uranio nahikorik. Denboraren akats tarte handiegia ematen dute ondorio garbiak ateratzeko. Eta pena da, oso pieza onak direlako, milaka urtetako sekuentzia osoak dauzkagu, baina oraingoz data zehatzik ezin jarri. Dena den, esperantza badaukagu etorkizunean datatzeko sistemak hobetu eta estalagmita hauek gordetzen duten informazio guztiari data jartzeko gai izango garela.

Estalagmita baten kristalak mikroskopiotik ikusita.

 

Eta zergatik dute hain uranio gutxi? Horrentzat azalpenik ba al daukazue?

Itsas hondoan sortutako kareharri garbi horrek apenas du uraniorik, hori da arazoa. Uranio asko dute, adibidez, buztinek. Baina hemen kare haitzaren gainean ez zegoen ez buztinik, ez ezer. Haitz garbi-garbia azaleratu zen.

Dena den, estalagmita bakarren bat topatu duzuen balekoa...

Praileaitzeko Novella [izena jartzen diete aztertzen dituzten estalagmitei] da Geoparkean aurkitu dugun onenetakoa. Baina badaukagu beste estalagmita bat oso ona, Morenoizenekoa, Gernika eta Bermeo artean dagoen Goikoetxe kobazulokoa. Hark badu nahikoa uranio. Milaka urtetako klimaren erregistroa dauka, zazpi urteko zehaztasunarekin. Ikaragarria da hor dagoen informazioa.

Eta orduan, batean eta bestean aztertu duzuenaren arabera, gure inguruan nola aldatu da klima azken milaka urteotan?

Ikusi dugu hemen klima beti izan dela atlantikoa, beti egin du euria. Garai batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina euri faltarik ez da izan. Hori bai, ikusten da joera lehortzekoa dela. Duela 14.000 urte klima oso euritsua zen; duela 8.000 urte hotzagoa zen eta euri gutxiago egiten zuen; duela 6.000 urte aldatu egin zen berriro, eta hezeagoa eta euritsuagoa bilakatu zen; eta duela 3.000 urtetik idortzen ari da, tanta jario asko eten egin dira.

Egiten ari zareten klimaren ikerketa hau oso interesgarria da, ordurako gizakia paraje hauetan bizi zelako. Ez gara ari dinosauroen garaiaz.

Gaur egun ikerketa asko doaz bide horretatik. Jakin nahi da klimak zer eragin izan duen gizateriaren garapenean, nekazaritzaren sorreran, historiako hainbat gertaeratan. Azken finean, azken milaka urteotan egon gara gu hemen.

Estalagmita batzuetan gizakiaren arrastoa aurkitu duzue.

Bai, duela milaka urte kobazuloetan ibili ziren gizakiek egindako suaren errautsak daude zenbait estalagmitatako kristalean harrapatuta. Hortik abiatuta, ikerketa interesgarriak egin daitezke, garai bakoitzean sua egiteko teknika ezberdinak zeuzkatelako –egurra edo animali gantza–, eta teknika bakoitzak errauts edo hondakin ezberdina lagatzen duelako. Azter daiteke, adibidez, marrazkiak dauden galerietara behin sartzen ziren marraztera eta kito, edo sarri joaten ziren lekuak ote ziren? Hori ere konta dezakete estalagmitek. Baina hori beste istorio bat da.

Metafora indartsua da errautsek belztutako estalagmitarena...

Bai, harrian dago gizakiaren marka. Iraganeko klimaren bilakaera aztertzea da gure lana, baina hortik asko ikas daiteke eragiten ari garen klima aldaketaren ondorioen inguruan. Ziklo naturalak aztertuta, mila bat urte barru hoztera jo beharko luke klimak. Baina gizakiok berogailua piztu dugu, topera, gainera; eta, itzaltzen badugu ere, ez da ziurra klima bere berezko joerara itzuliko denik.

Tantaz tanta

Euria egiten duenean, ur gehienak erreketatik egiten du bere bidea, baina bada zati bat haitzean zehar bidea motelago egiten duena. Haitzak dauzkan poroetan sartu eta haitza disolbatzen hasiko da pixkanaka, CO2aren eta presioaren laguntzarekin. Kare haitzari kaltzioa lapurtukodio eta, haitza zeharkatu eta kobazuloaren sabaira iristean, nola txanpain botilak kortxoa kentzean, halaxe askatuko du ur tantak bide lagun izan duen CO2a, eta kaltzioa ere kristal bihurtzeko libre izango da. Horrela osatzen dira, tantaz tanta, milaka urtez, kobazuloetan aurkitzen ditugun forma ederrak (espeleotemak). Kobazuloaren kanpoaldean landaredia ugaria bada, usteldu eta materia organiko bihurtzean CO2asko sortzen du. Ur tantak CO2karga handiagoa eramango du, azidotu egingo da, eta horrek disolbatze gaitasuna areagotu egingo du. Horregatik da karsta hain nabarmena, adibidez, Lasturren edo Olatzen.