Izarren hautsa

Euskal kostaldeko beste flyschak

Euskal kostaldeko beste flyschak
Jaizkibel guztia itsas hondora iristen ziren lubizi erraldoiak utzitako harearri kapa lodiez (turbiditak) sortua dago. Mundu mailako erreferentea da itsas sakoneko delta baten funtzionamendua ulertzeko.

Flyscha eta Zumaia, Zumaia eta flyscha. Azken urteetan bi hitz horiek sarri ikusi ditugu bata bestearekin lotuta. Bat-batean, gure flyscha oso ezaguna egin da eta ez zaizkio merituak falta. XX. mende hasieratik mundu guztiko ikertzaileak txundituta utzi dituen hondartza daukagu Zumaian. Zalantzarik gabe, lehen mailako arrokak dauzkagu. Haiei esker, adibidez, dinosauroak duela 66 milioi urte nola desagertu ziren jakin ahal izan dugu. Baina flyschak osatzen duen liburu erraldoia ez da Geoparkearen mugetan amaitzen. Euskal Herriko kostaldeko labar gehienak flysch arrokez eginak daude. Gure liburu kuttunaren osagarriak dira. Non daude eta nolakoak dira Euskal Herriko beste flysch ezagunenak?

Itsas sedimentuz eta oskolez osaturiko liburu erraldoia

Flysch geruzak Iberiar penintsula eta Europa kontinentea banatzen zituen itsaso sakonaren azpian sortu ziren duela 115 eta 45 milioi urte artean. 70 milioi urtetan zehar poliki-poliki itsas hondoan 8.000 metro sedimentu baino gehiago metatu ziren, baina flysch guztiak ez dira berdinak. Denbora luze horretan inguruan gertatu ziren lur mugimenduen ondorioz liburu erraldoi honek kapitulu eta orrialde desberdinak dauzka. 

Zaharrenetik berrienera, hauek dira gure kostaldeko lau flysch mota desberdinak. Erraz bereiziko dituzu.

1. Flysch beltza. Bizkaiko golkoaren irekiera (115– 100 milioi urte)

Behe Kretazeoan Bretainiatik gertu zegoen Iberiar penintsula poliki-poliki aldentzen hasi zen erlojuaren kontrako errotazio mugimendu bat eginez. Bizkaiko golkoaren sorrera izan zen hori. Mugimendu horrek itsas hondoa pitzatu eta puskatu egin zuen. Iberia eta Europatik zetozen ibaien sedimentuak itsas azpiko arroiletatik behera erortzen ziren arro sakonetara urez eta hondarrez osaturiko lubizien bidez. Korronte horiek itsas hondora iristen zirenean turbidita izeneko hondarrezko geruza bat metatzen zuten. Horrela sortu zen lutita beltzez eta hareharriz osaturiko formazio erraldoi hau.

Armintzako badia txikian flysch beltzaren adibide ederrak ikusi daitezke (Fran Llano).

Mapa:6 zenbakia. Kolore berdea.

Geoparkean: Aitzuri eta Saturraran bitartean. Debako hondartza edo Saturraran dira azaleramendu esanguratsuenak.

Euskal Herrian:Bizkaiko kostaldearen zati handi bat. Ondarroa, Ogella, Matxitxako, Armintza edo Bilano dira azaleramendu ezagunenak.

2.- Flysch zuria. Itsaso sakon eta lasai batean (100–66 milioi urte)

Itsas hondoak behera egin zuen eta itsas azpiko erliebeak berdindu egin ziren. Arro sakon eta lasai horretan metatu zen Goi Kretazeoko flysch karetsu eta hareatsua. Itsas mailaren gorabeheren ondorioz kontinenteetako sedimentu hondartsu gehiago edo gutxiago ailegatzen zen itsaso hondora kareharri eta tupen artean tartekatzeko. Normalean, kolore grisa du.

Barrikako flysch zurian inoiz imajinatu ez dituzun tolesak ikusiko dituzu (Fran Llano). 

Mapa:8 eta 9 zenbakiak. Kolore marroiak.

Geoparkean: Aitzuri eta Algorri bitartean. Mendata, Sakoneta, Pikote eta Andikaraerrekan ikus daitezke adibiderik onenak.

Euskal Herrian:Iparraldean, Hendaia eta Biarritz bitartean, eta Bizkaian, Plentzia eta Barrika inguruan. Sopela, Barrika eta Donibane Lohizuneko labarrak dira ezagunenak.

3.- Flysch gorrixka. Dinosauroen desagerpena jaso zuten geruzak (66–56 milioi urte)

Itsaso sakonean lasaitasuna zen nagusi. Paleozenoan apenas iristen ziren itsas hondo sakonera lubiziak sedimentuekin. Ondorioz, itsas hondoan lutitak eta itsas animalien oskolak metatzen ziren soilik, poliki-poliki kareharriz eta tupaz osaturiko txandaketa garbia sortuz. Geruza horiek garai hartako gertakari klimatiko eta biologiko nagusiak jaso zituzten, hala nola, K/T muga izenez ezagutzen den geruza beltz eta fina, duela 66 milioi urte dinosauroen desagerpena azaltzen diguna. Kontinenteetatik ailegatzen ziren lutita finek burdina gehiago zuten eta horren herdoiltzeak paisaian hain erraz identifika daitekeen kolore gorrixka sortzen du. 

Hendaiako bikiak Algorriko puntako kolore gorrixka berdina dute. Horien atzean ezkutatzen den Loiako badian K/T muga ere aurki daiteke.

Mapa:10 zenbakia. Kolore laranja.

Geoparkean: Algorri eta San Telmo inguruan.

Euskal Herrian:K/T muga daukaten geruza gorrixkak Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere ikus daitezke: Sopela, Donostiako Loretopea(Kontxan, Miramar jauegiaren azpian), Hendaiako Bikiak edo Bidarteko hondartza, esate baterako.

4.- Flysch horia. Lubizi erraldoiak itsaso azpian (56–45 milioi urte)

Eozenoan, Iberiako plaka Europarekin talka egiten hasia zen eta Pirinioak ekialdetik altxatzen hasi ziren, astiro-astiro. Lehen erliebe horien higadurak sortutako higakin ugariak ibaiek kostaldera eraman zituzten eta indar tektonikoek eragindako mugimendu eta lurrikaren ondorioz, zuzenean itsas azpiko arro sakonera joan ziren lubizi erraldoien bitartez. Horregatik, tupa eta kareharri gutxi batzuk ikus badaitezke ere, lubizi horiek utzitako hareharriak (turbiditak) dira flysch honen protagonista nagusiak.

Geoparkeko flyschak ekialdera jarraitzen du. Getariako San Anton mendian turbidita ikusgarriak ikus daitezke (Fran Llano)

Mapa:11 zenbakia. Kolore horia.

Geoparkean:Itzurun hondartzako Marianton punta.

Euskal Herrian:Bizkaian, Azkorri hondartzan eta Punta Galeako inguruan. Gipuzkoako kostaldean, Zumaiatik Hondarribiraino. Getaria, Donostiako Paseo Berria eta, bereziki, Ulia eta Jaizkibel dira flysch hareatsu honen adibide ikusgarrienak.

Informazio gehiago lortzeko, eskuratu Euskal kostaldeko mapa geologikoa turismo bulegoan edo Geoparkeko esteka honetan: Euskal Herriko mapa geologikoa 

Mapa:

Euskal kostaldeko flyschak

6) Flysch beltza. Hareharriak eta lutitak (110–100 milioi urte). 

8-9) Flysch zuria. Kareharriak, tupak eta hareharriak (100–66 milioi urte). 9) Flysch gorrixka. Kareharriak eta tupak (66–56 milioi urte).

10) Flysch gorrixka. Kareharriak eta Tupa gorrixkak (66-56 milioi urte).

11) Flysch horia. Hareharriak eta tupak. 

 

Kostaldeko beste arroka batzuk:

1) Deboniar eta karbonifero arbela eta eskisto zaharrak (410–300 milioi urte). Ekialdeko mendiak. Marroia.

2) Aiako Harriko granitoa (270 milioi urte). Gorria.

3) Triasikoko konglomeratu gorriak (Adarra mendia), harearriak (Baztan ingurua) eta buztinak (Añana) (270 – 200 milioi urte). Arroxa argia.

4) Jurasikoko kareharriak eta tupak (200–150 milioi urte). Urdina. Aralar mendikateko muina.

5) Koral arrezifeetan sortutako kareharri lodi eta gogorrak (130–100 milioi urte).  Berde iluna. Andutz, Arno, Lekeitio, Ogoño, Hernio, Izarraitz, Txindoki, Aizkorri, Anboto...

7) Arroka bolkanikoak (110–80 milioi urte). Arroxa. Karakaten, Eibarren, Soraluzen, Meñakozen...