Familiak behar ditu Darahlik uda garaian Saharako haurrak beraien etxeetan hartzeko

Baleike 2019ko ots. 9a, 09:18
Aurtengo Oporrak Bakean kanpaina martxan jarri du Darahli Elkarteak. Kanpaina honek helburu du familiak inguratzea uda garaian Saharako haurrak Zumaiara ekartzeko. 

Iaz bi neska saharar izan ziren Zumaian, eta aurten familia gehiagok parte hartzea nahiko lukete Darahliko kideek. Kanpaina hau otsailean zehar izango da martxan, eta, bereziki datorren larunbatean. Otsailaren 16an Zumaiako haurrentzat zuzendutako tailerrak egingo dituzte Alondegiko Oxford aretoan. Goizean 11:00-13:00 ordutegian egingo da, eta arratsaldez 17:00-19:00 artean. Kanpainari buruzko informazioa ere banatuko da egun horretan.

Darahliko kideekin harremanetan jartzeko 605 701 463 telefonora deitu daiteke, edo darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzi.