'Izur' film laburra aurkeztuko dute, frankismoaren errepresioak Zumaia astindu zuenetik 82 urtera

Baleike 2019ko ots. 8a, 20:00
Joseba Esnal, Ane Arregi, Estibaliz Urresola eta Isaak Aranberri, gaur goizean egindako agerraldian. (Argazkia: Maria Maya Manterola)

Pixelatu kolektiboak egindako laburmetraiaren bitartez, gatazka armatuak bizitako emakumeen testigantzak bildu nahi izan dituzte. 

Otsailean 82 urte beteko dira frankismoaren errepresioaren ondorioz 250 zumaiar etxeetatik atera eta herritik kanporatu zituztenetik. Urteurren hori baliatuko dute Zumaiako Udalak, Erkibe Kultur Elkarteak eta Zumaienak Izur film laburra aurkezteko. Otsailaren 14an izango da, 18:30ean Zumaiena aretoan. Ekitaldi berezi bat ere prestatu dute, eta gaiaren inguruan hitz egiteko tartea zabalduko dute ondoren. 

Izur film laburraren berri eman dute Erkibe Kultur Elkarteko Joseba Esnalek, Pixelatuko kide Estibaliz Urresolak, Zumaiako Udaleko zinegotzi Ane Arregik eta Zumaiena ikastetxeko zuzendari Isaak Aranberrik. "Beti entzun izan ditut gerra garaiko kontuak", azaldu du Esnalek. Gerra garaiko dokumentu batzuk aurkitu zituen, eta hari horri tiraka hasi zen bere kabuz gaia ikertzen. Haren hitzetan, Erkibe Kultur Elkartetik ere ekitaldi ugari egin dute memoria historikoaren alorrean. Bestetik, emakumeei horrelako proiektuak zor zaizkiela nabarmendu du Esnalek. Pixelatu kolektiboarengana zuzendu zen Esnal ideia batekin, eta haiek eman diote forma proiektuari, Estibaliz Urresolaren zuzendaritzapean.

Urresolak azaldu duenez, gatazka armatuak bizi izan dituzten emakumeen lekukotzak jaso nahi izan dituzte ikus-entzunezkoaren bitartez. Hala, "esparru intimoan" geratutako emakume horiengan jarri dute atentzioa eta fokua. "Errelato osoa ezingo genuke osatu emakumeen testigantzarik gabe", azaldu du zuzendariak. Horretarako, biktimaren paperaz gain, emakumezkoek zein rol bete izan dituzten aztertu dute. Ikus-entzunezkoa "bitarteko bat" dela iruditzen zaio Urresolari: "Pertsonak eta proiektuak lotzeko bitarteko bat da. Sinergiak aprobetxatu behar dira, aldiberean bakearen alde lan egin eta efektua biderkatzeko". 

"Ikasleak akademikoki eta pertsona bezala heztea da gure eginbeharra", argitu du Zumaiena ikastetxeko zuzendariak. Ikasleei informazioa ematea garrantzizkotzat jo du Aranberrik, ondoren ikasleek beren kabuz hausnartu dezaten. Zentzu horretan, Zumaiena UNESCO ikastetxeen sarearen parte dela gogoratu du. Batxilergoko lehenengo mailako ikasleek hartu dute parte ikus-entzunezkoan: "Film laburrak barrua mugitzen du, eta harro sentitzen naiz horrelako proiektu baten parte izateaz".

Udalak emakumeen alde egindako lana babesteko prestutasuna nabarmendu du Arregik. Esnali eskerrak eman nahi izan dizkio egindako lanagatik, eta aurkezpenera gonbidatu ditu zumaiarrak.