Oraindik gelditzen dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ‘Musua’ emanaldietarako sarrerak

Baleike 2019ko ots. 8a, 15:30
Argazkia: katxiporreta.eus.

Bihartik aurrera, sarreren aurrez aurreko salmenta turismo bulegoan egingo da ohiko ordutegian. Hala ere, soilik lehenengo emanaldikoak (15:00etakoak) gelditzen dira. Interneten, berriz, bi saioetarako sarrerak erosi daitezke entradium izeneko atarian.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Musua ikuskizuna eskainiko dute Zumaian datorren martxoaren 4an. Inauterietako astelehena izango da, eta bi emanaldi egingo dituzte Zumaiena ikastetxeko aretoan: 15:00etan lehenengoa, eta 17:30ean bigarrengoa.

Sarreren salmenta atzo hasi zen, eta dagoeneko agortuta daude aurrez aurreko salmenta bidezko bigarren emanaldiko 300 sarrerak. Hala ere, oraindik ere aukera dago saio horretarako sarrerak internet bidez erosteko hemen. Lehenengo emanaldiaren kasuan, berriz, aurrez aurreko salmenta bidezko sarrerak nahiz internet bidezkoak gelditzen dira. Aurrez aurre erosi nahi dutenek bihartik aurrera izango dute aukera turismo bulegoan, ohiko ordutegian.

Sarrera guztiak sei eurotan salduko dira, eta pertsona bakoitzak sei eskuratu ahal izango ditu gehienez ere. Internet bidez erosten dutenek egunean bertan sarrerak inprimatuta eramatea beharrezkoa izango dute.