Ibon Esteibar: "Ez da erraz entzuten den disko bat, baina aretoak bete egin dira"

Baleike 2019ko ots. 8a, 12:56

25 urte bete ditu aurten Anestesiaren Gorrotoaren ahotsa diskoak. Disko hura gogora ekartzeko, bira berezi batean murgildu da musika taldea azken hilabeteotan. Hilaren 16an amaituko dute bira, Iruñeko Errotxapea auzoko gaztetxean emango duten kontzertuarekin. Ibon Esteibar abeslariarentzat "plazer hutsa" izan da abesti horiek jendaurrean abestea.

Gorrotoaren ahotsa diskoak 25 urte bete dituela eta, kontzertu ugari ari zarete eskaintzen. Zer moduz doa bira?
Harrituta gaude jendearen harrerarekin. Ez da erraz entzuten den disko bat, eta aretoak bete egin dira, jendea erabat entregatuta... Ederra izan da.

90ko hamarkadan atera zen diskoa. Orduko jarraitzaileak eta gazteagoak batu dituzue?
Diskoa atera zen garaiko belaunaldia eta gaur egungoa elkartu dira, eta kuriosoa izan da nahasketa. Entzuleen gehiengoa dira garai batekoak, baina ikusi dugu jarraitzaile gazteagoak ere baditugula. Pozgarria da hori.

Beti izan ditu entzule fidelak Anestesiak, ezta?
Gure jarraitzaileek ez gaituzte sekula baztertuta utzi. Miarritzera, Iruñera edo Bilbora joanda ere, aurpegi berak ikusi izan ditugu entzuleen artean askotan. Harrigarria da.

Zer dela eta bira hau?
Nire aldetik behintzat, plazer hutsa da abesti horiek jotzea. Sekula abestu gabekoak dira. Ideia polita iruditu zitzaidan birarena. Gainontzeko taldekideentzako, aldiz, motibazio bat izan da, batik bat, proiektu honi jarraipena emateko. Batzutan beharrezkoa da zerbait berria egitea, betiko abestiak jotzen geratuz gero, erre egin zaitezkeelako.

Duela 30 urte sortu zen Anestesia musika taldea, eta ondoren batu zinen zu. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Kuriosoa da hasiera. Astillerotan hasi nintzen lanean, aitarekin. Itsasontzietarako altzariak egiten genituen. Belokik —Anestesiako bateria jolea— bertan egiten zuen lan. Aurrez ezagutzen ginen, kontzertu batetik. Garai hartan abeslaria zenak, baxua jotzen ikasi nahi zuela eta, taldea utzi zuen. Horrela hasi nintzen taldean.

Birako kontzertu gehienak areto txikietan eta gaztetxeetan ematea erabaki duzue.
Hau gure bira bat izan da, guk geuk antolatutakoa. Ez digu inork deitu, eta horrek askatasuna eman digu: guk erabaki dugu non eta noiz jo. Zortea dugu, kasu askotan noiz eta non jo aukeratzea posible dugulako. Talde askok ezin dute hori egin. Hala ere, leku denetan egoten gara gustura: bai gaztetxeetan, baita kontzertu handietan ere. Azkenean, oholtza oholtza da.

Hala ere, egia da areto txikiek gertutasuna eta berotasuna ematen dutela.

Kritika oinarri duten letra zorrotzek osatzen dute diskoa. Gaurkotasunik ba al dute?
Anestesiak ez du sekula hartu momentuko gai bat. Gai globalak hartzen ditugu, betikoak.

Galderak ere luzatzen dizkiezue entzuleei. Pentsaraztea da helburua?
Letrak kontzeptualak izaten dira. Horrek hausnarketarako ateak irekitzen ditu, baina besterik gabe. Pentsaraztera eramaten bazaitu, hobeto; baina, uste dut, sentitzea ere badela helburua.

Otsailaren 16an amaituko duzue bira, Iruñeko Errotxapea auzoko gaztetxean.
Gogotsu gaude kontzertu horretarako. Ez dakigu zer aterako den, beste ekitaldi batzuk antolatzeko arazoak izan dituzte eta.

Talde gisa atsedenaldi asko hartzen ditugu. Hobby bat eta jolas bat da, baina bere lana du. Asko zaintzen dugu Anestesia taldea, ez dugu erre nahi. Horretarako formula onena iruditzen zait duguna, inertziaz ez mugitzea.

Uste dut Mikel Kazalisek baduela abesti berriren bat prestatuta. Ikusiko dugu zer egin.