'El vicio del poder' eta 'Asterix edabe magikoaren sekretua' pelikulak emango dira asteburuan Aita Marin

Baleike 2019ko ots. 8a, 08:21

El vicio del poder film estatubatuarra gaur, bihar, igandean eta astelehenean emango dute. Asterix edabe magikoaren sekretua euskarazko animaziozko pelikula, berriz, igande arratsaldean.

Bi pelikula emango dira asteburu honetan Aita Marin: El vicio del poder eta umeentzat zuzendutako Asterix edabe magikoaren sekretua. Lehenengo filma gaur emango dute, 22:15ean; larunbatean, 19:30ean eta 22:15ean; eta igandean eta astelehenean, ikuslearen egunean, 19:30ean. Istorio erreal baten kontaketa egiten du filmak. Dick Cheney burukrata ezagunaren bizitzan oinarritzen da, bere bat-bateko hazkunde profesionalean. Izan ere, isil-isilik eta George W.Bush presidentearen babespean, AEB eta, oro har, munduko gizon boteredunetariko bat izatera heldu zen. Egun, oraindik, badira bere itzalaren arrastoak sumatzen dituztenak.

Asterix edabe magikoaren sekretua euskarazko animaziozko pelikula, berriz, igandean izango da, 16:30ean. Aurkezpen gutxi behar du mundu mailan ezagunena den herrixka galiarrak. Zer esanik ez filmaren protagonista diren betiereko heroi bikoteak. Oraingo abentura berri honetan, Panoramix edabe magiko egilearen bidaide izango dira, edari misteriotsuaren errezeta jasoko duen azti misteriotsu baten bila.