Zumaian atzemandako droga kargamentuko arduradunei ezarritako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak

Baleike 2019ko ots. 7a, 08:41
Argazkia: Gorka Zabaleta

2011. urtean 595 kilo kokaina atzeman zituen Guardia Zibilak Zumaiako kirol portuan. Droga trafiko operazio haren atzean zeuden lagunei ezarritako zigorrak berretsi ditu orain Auzitegi Gorenak. 

Diario Vasco egunkariak eman du honen berri. 595 kilo kokaina zeraman belaontzia atzeman zuten guardia zibilek 2011ko urriaren 5ean, Zumaiako kirol portuan. Ontzi hau irailean atera zen Karibeko portu batetik. Azoreetan geldialdia  egin ondoren, Zumaiarako bidea hartu zuen, eta aipatutako egunean atxilotu zituzten arduradunak droga lehorreratzen ari ziren unean. 

Epaitegiak 19 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion sareko buruari, eta 13 urte eta 6 hilabeteko zigorra haren laguntzaileari. Ontziko tripulatzaile bati 9 urteko zigorra ezarri zion, eta beste lau taldekideri 14 urte eta 10 hilabeteko eta 4 urte eta 6 hilabete arteko zigorrak. Auzitegi Gorenak zigor hauek berretsi ditu orain.