Eguneroko elikadura erraztu nahian

Baleike 2019ko ots. 7a, 08:15

Abenduaren 21ean zabaldu zituen ateak On Gourmet prestaturiko janari eta kutixi saltokiak. Bertako eta kanpotik ekarritako produktu gorenak saltzen dituzte, eta horretaz gain, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die tabernei, enpresei eta dendei.

Itzurun zuhaitzbidean kokatuta dagoen saltokia da On Gourmet kutixi denda. Gastronomia maite dutenentzat egunero irekita dagoen paradisua da, eta helburu nagusitzat du jendeari sukaldean edo jatorduetan bizimodua errazteko bide ematea. Egoitz Maya eta Fernando Mott jabeen esanetan, “herritarren sukaldeko egunerokotasunean erraztasunak eman nahi ditugu, baita produktu baten elaborazio prozesuan kontutan hartu behar diren aldagaiak azaldu”. Bide horretan, aholkularitza zerbitzua eskaintzen die tabernei, enpresei eta dendei.

Denda fisikoaz haratago, beraz, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu On Gourmetek. Hala nola, aholkularitza, cateringa eta banaketa. “Nutrizionista batek prestatzen ditu eguneko menuak eta enpresetan ari gara zerbitzua eskaintzen”, kontatu dute. Menu horien bereizgarria kalitatea da. “Etxeko janaria bezalakoa izatea nahi dugu, horregatik produktuen propietateetan arreta jartzen dugu. Aurrez sukaldatutako janaria da bai, baina kalitatezkoa, eta gainera, egiteko erabiltzen den teknika berriei esker, iraungitze data luzekoa”, azpimarratu dute. Jakien prestaketa bertan egiten dute, eta beraientzat propio sukaldatzen duten kanpoko sukaldariak ere badituzte.

Gorengo mailako produktuak

On Gourmeten baita ere denetariko delicatessenak eta kutixiak aurkitu daitezke: sarrerakoak, lehenengo eta bigarrengo platerrak eta postrea. Sarrerako produktuen kasuan, era guztietako iberikoak (urdaiazpikoa, txorizoa, lomoa…) daude, baita bertako kontserbak (zainzuriak, hegaluzea, mendrezka, antxoa…) ere.

Lehenengo eta bigarrengo platerri dagokienez, aukera zabala eskaintzen dute; esaterako, 11 arroza ezberdin daude, eta guztira 17 plater begetariano eta begano batzuk ere badituzte. Horiekin batera, jaki hauek ere aurkitu daitezke: pistoak, bainak, berdurak parrilan, lasagnak, kremak, albondigak, bakailaoa modu ezberdinetara, masailak, tripakiak, txuleta broxetak… Izoztutako produktuak ere aurkitu daitezke bertan (olagarro egosia, kroketa mota desberdinak, zenbait postre…). Horietatik olagarro kroketek dute arrakasta handiena.

Produktu berezientzako lekua ere badago On Gourmeteko txokoan. Hala nola, Extremadurako oliba olioa; mostaza, gatz, tabasko, soja eta piperrautsa ezberdinak, artisau garagardoak…

Postreak akuilu moduan erabiltzen dituzte. “Ez gara eskaintza honetan buru-belarri sartu, baina badugu zerbait: gazta aukera zabala, jogurtak, arroz esneak, pasteltxoak, tartak…”.

Edarietan ere aukera zabala dute, eta uraz, sagardoaz, eta txakolinaz gain, ardo eskaintza ederra aurkitu daiteke. “Enologo batek guretzat propio egindako aukeraketa bat dugu. Ezagunak direnak ditugu, baita bereziagoak direnak ere. Gainera, ardo bakoitzaren azalpena ere badugu liburuxka batean”, azaldu dute. Likoreak ere saltzen dituzte, eta Galiziako belar likore on baten banatzaile ofizialak dira.

Gastronomia kaxak edo loteak ere egiten dituzte. “Edari eta produktuekin osatzen ditugu. Aukera ona da opari bat egiteko, edo turistek bertako jakiak etxera eramateko”.

Zerbitzu berriak laster

Jakiak eramateko zerbitzuaz gain, bertan jateko aukera izango da On Gourmeten. Gainera, terraza txiki bat ere jarriko dute kanpoaldean. “Zerbait pikatzeko aitzakia leku bat izatea nahi dugu”. Gauzak horrela, produktu eta plater berriak jarriko dituzte martxan: errazioak, pizza bereziak, bokadilo hotzak eta beroak…

On Gourmet egunero dago zabalik ordutegi honetan: astelehenetik ostegunera 09:30etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:30etara, eta ostiraletik igandera 09:30etatik 21:00etara. Facebookeko orrialdea ere kontsulta daiteke: www.facebook.com/Ongourmet.