Oier Zeberio: "Epe laburrean emaitzarik ez bada, prozesua itzali egingo da"

Politologo zumaiarra elkarrizketatu dugu Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren atarian. Kataluniara joateko asmoa du datozen egunotan.

Katalunian sarritan izan zara azken urteotan prozesuaren inguruko gaiak lantzen. Zerk erakarri zaitu?
Euskal Herriko egoera politikoari jarraipen bat ematen badiozu, azkenean interesa pizten zaizu. 2017ko urriaren 1ean egin zuten bozketa egunean han izan nintzen. Jakinda Espainiako Gobernuak zer polizia kontingente bidali behar zuen, babesa emateko asmoz joan nintzen. Ikusi nahi nuen, baita ere, zer gertatzen ari zen. Azkenean, nolabaiteko konplizitatea garatzen joan nintzen eta baita kausa hori gertuagotik hartzen ere. 

Nola banatzen da Kataluniako gizartea?
Esan dezakegu independentismoaren barruan bi sektore daudela. Batetik, politika baketsua bultzatzen duten mugimendu eta alderdiak daude: ANC, Omnium Cultural, ERC eta PdeCat. Gu jende baketsua gara, helburua demokratikoki lortu nahi dugu, eta horretarako kalera aterako gara. Hori da beraien aldarria. Manifestazioak aldarrikapen moduan ikusten dituzte, baina, aldi berean, festa kutsua ere izaten dute. Independentismoaren gehiengoak osatzen du sektore hau.

Gero, ezkerreko independentismoa dago. Historian zehar minoritarioa izan da, eta orain ere hala da. Honen barruan talde desberdinak daude, eta indar hauek koordinatzen CUP dago. Hauen jarrerak erradikalagoak dira. Beraien helburua ez da independentzia eta estatu sozialista bat lortzea bakarrik; bertako erregimena ere gorde nahi izaten dute. Ohikoan erregimenaren kontra borroka egiten dute, baina, momentu klabeetan, orduko CIUk eta gaur egungo PdeCatek eraikitakoa babesten dute. Proiektu soberanista bat garatzeko hori babestu behar dutela diote. Esan daiteke polo desberdinak daudela: ezker independentista eta PdeCateko sektore erradikalak batetik, beste alde batetik kontsentsuaren eremua (ERC, PdeCateko moderatuak, PSC eta Podem), eta beste aldean eskuin espainiar gogorra.

Urriaren 1aren ondoren sortutako esperantza hura mantentzen al da? Edo zimeldu da?
Mugimendua aktibo bago; kaleak oraindik aktibo daude. Baina, urte eta piko ondoren pultsua mantentzea zaila da. Manifestazio bat deitzen dutenean milaka lagunek hartzen dute parte. Hala ere, lehen independentzia demokratikoki lortuko zutela pentsatzen zuten haiek errepresioa ezagutu dute, eta hori barneratu dute.

Horrez gain, konturatu dira independentzia prozesua ezinezkoa dela. Betiko egoeran gaude: ezker independentista programa erradikalago bat bultzatu nahian dabil, baina indarrik ez du; zentro moderatuak, berriz, bere betiko bakebidean oinarritutako agenda segitzen du. Azpimarratzekoa da, baita ere, Euskal Herrian sufritzen ez dugun bezala, Bartzelona hirian eta beste toki batzuetan, komando faxisten eta neonazien presentzia izugarria dela. Egoera horretan, jendea erretzen ari da. Batzuk bide baketsuetatik ez dutelako ezer lortzen, eta besteak errepresioa jasaten ari direlako.

Buruzagi independentisten aurkako epaiketa hastear da Madrilgo Auzitegi Gorenean. Independentismoaren suspertze bat egongo dela uste duzu?
Dena kondenen arabera joango da. Madrilen Pedro Sanchezen gobernua dagoen bitartean, Espainiarekin interlokuzio aukera bat izango da. Abenduaren 21ean ezer ez gertatzearen arrazoietako bat izan zen bezperan Torra eta Sanchez elkartu zirela, eta interlokuzio bide bat zabaldu zutela. Espainiako benetako botere guneetan Sanchezek ez du inongo indarrik, baina, egia da, bere gobernutik zerbait egin dezakeela kondenak hain handiak ez izateko. Baina, alderantziz, zigorrak oso handiak badira, prozesuaren berrindartze bat egon daiteke. Nik uste, berrindartze hori betiko logiken arabera izango dela. Hau da, jendea kalera aterako da, manifestazio polit bat egingo dute, eta kito. Bitartean, ezker independentistako sektoreek beste bide erradikalagoa hartuko dute. Egoera makurragoan agian jende batek indarraren bidea hartu lezake, baina zaila ikusten dut.

Kataluniako gizartea ez da halakoa. Klase gatazkekin lotutako borrokek, eta pobreziaren aurkakoek, presentzia handia dute Bartzelonan. Abertzaletasunarekin lotutakoetan, ordea, logika oso bestelakoa da. Borrokarako– eta ez diot borroka armatua– edo manifestaziorako hauspo hori desberdina da Katalunian eta Euskal Herrian. 

Kataluniako alderdi abertzaleen artean dituzten eztabaidek ere ez dute asko lagunduko.
Puigdemont Kataluniatik kanpo dago, eta prozesuaren burua da. Gero, ikusten dugu Katalunian bakoitza bere agenda betetzera doala. Beraien artean liskarrak daude eta, azkenean, hegemonia kontu bat da. Sektore independentista nork abanderatzen du? Hor dago eztabaida. Kataluniako gizartearen zati handi bat da independentista, baina, % 50era helduko ote da? Hortxe ibiliko da. Kontutan hartu behar da, baita ere,  Kataluniako alderdi indartsuena Ciutadans dela. Horrek erakusten du Kataluniako gizartearen logika nolakoa den.

Nola amaituko du honek?
Egoera zenbateraino tentsionatzen denaren arabera izango da. Logikak dio denbora epe labur batean emaitzarik ez badago, hau itxaltzen joango dela. Sektore batzuk jarraituko dute borrokan, baina besteek beste bide bat hartuko dute. Agian, paktu fiskal bat lortzearekin konformatuko dira. Epaiketaren garaiak garrantzia handia izango du. Prozesuak aurrera jarraitzeko duen aukera bakarra sektore erradikala indartzea da. Horrela balizko negoziazio batean posizio hobeago batean egongo litzateke. Oso konplikatua da guztia; badirudi oraingo logika honekin jarraituko dugula: hitz egin, manifestatu, eta dena pixkanaka desintegratzen den arte. Zaila da ezer esatea, ia ezinezkoa ezer aurreikustea, nahikoa izan daiteke eta zerbait gertatzea egoera erabat aldatzeko. Hurrengo asteak determinanteak izango dira hau Katalunia nora doan jakiteko.