GUTUNA. Algorriko bide berrien harira

Orain dela 10 urte Zumaia eta Deba arteko ingurua babestu zen. Turismo xumea zegoen garai haietan, baina  turismoaren hazkuntzak orain herritarrengan kezka sortu du.

Zumaiako balore geologikoa ezagutzera etortzen den jende kopurua oso handia da eta Ocho apellidos vascos eta Juego de tronos fenomenoek,  areagotu egin dute turismoaren presioa. Behin eta berriz entzuten ari gara turismo jasangarriaren alde egiten ari dela, baina guk zalantzak ditugu.

Honek guztiak, Algorri inguruan bide berri asko sortzea ekarri du, higadura zenbait puntuetan areagotuz, lurra zegoen lekuetan harria ikusi arte. Arazo honi irtenbide bat eman behar zitzaion. Aldundia herritarrei zer egin behar zuen erakustera etorri zen. Hori oso ondo iruditu zitzaigun, baina gero ez du esandakoa bete.

Galdera bat egin beharko genuke natura ingurune bat babesten denean:  Ingurua babesteak zein helburu du? Ingurumena babestea edo turismoa bultzatzea?

Mendiko bidexkak egokitu dira turistak errazago ibiltzeko, bide berriak finkatu eta leku batzuetan eskailerak jarriz. Inon naturgune batean ez da horrelako obrarik egiten. Zergatik hemen orduan?

Gure ustez egokiena litzateke Udalarekin eta herritarrekin hitz egin, denon artean erabakiz herria nola nahi dugun. Hau horrela egiten ez bada, jendea haserretu egiten da, manifestazioak eginez.  

Arazo honen erru handiena Gestio Planaren atzerapena da. Gezurra badirudi ere hamar urte eta gero ez dago Gestio Planik. Gestio Planak argitzen du zer bide izan behar diren, zer erakutsi behar den eta zer ez, zer ahal den egin eta zer ez, beti ere idatzitako arauen arabera. Gaur egun ez dago halakorik. Hau ez dagoen bitartean Aldundiak nahi duena egin dezake eta, babestutako eremua araututa ez dagoenez, herritarrak nahi duten lekuetatik ibiltzeko aukera dute.

Oraindik eta larriagoa da denentzako ez direla arau berdinak. Udal baimenik gabe egin dituzte gauza batzuk eta kezka sortu denean baloratu dute ez dela beharrezkoa obra baimena. Obra txikiagotan udal baimena eskatu behar dugu herritarrok. Zergatik ez dute administrazioen artean idatziz uzten egin behar dutena eta obra baimena lortzen? Erreflexio batzuk ekartzen dizkigu honek: guztion onuraren aldeko lanetan administrazioek ez badute beraien lege eta prozedurak eskatzen dutena betetzen, nork egin behar du? Eta, ingurumen departamentukoek ez badute izadiaren alde egiten, mugak jarriz turismoari, mendiak urbanizatzeari, etab., nork egin behar du? Orain arte turismo kopuruaren arabera bideak egokitu dituzte agian mugak jarri behar direla planteatu beharrean. 

Zumaiako Natur Taldearen iritziz :

  • Garrantzi handia duen  proiektu batek beste trataera bat beharko luke.
  • Proiektu zehatza aurkeztea bere aurrekontuarekin eta herritarrok alegazioak eta ekarpenak egiteko aukerarekin.
  • Udaleko teknikariekin elkarlanean aritzea.
  • Udalaren baimenak eta beharrezkoak diren pausoak ematea. Obra baimena, kontsulta publikoa, alegazioak… Edozein obra edo lan egiteko herritarrek horiek denak ederki bete behar ditugun bezalaxe.

Gardentasuna, herritarren parte hartzea, eta legea betetzea eskatzen dugu, orain arte egindakoak betetzen ez duena.

Zumaiako Natur Taldea