Udaleko webgune ofizialean Udal Gobernuak aurrekontuen inguruan emandako informazioa aldatzeko eskatu du PSE-EEk

Baleike 2019ko ots. 5a, 13:20

Udal Gobernuak Udaleko webgune ofizialean aurrekontuen akordioaren inguruan emandako informazioa zehaztasun gutxikoa dela uste du Arritxu Marañon Zumaiako Udaleko PSE-EEko bozeramaileak. Hori dela eta, aldaketak egiteko eskatu du.

EAJren udal taldeak Udalaren webgune ofiziala oposizioko alderdiak gutxiesteko eta PSE-EEk aurrekontuetarako egindako ekarpenak alde batera uzteko erabili izana salatu du Marañonek. Hala, Ogasun Batzordeak atzo egindako bilkuran PSE-EE abstenitu egin zen udal aurrekontuen proposamenaren bozketan.

Marañonek azaldu duenez, Zumaiako Udalaren webgunea orrialde ofiziala da, eta ezin dute talde politikoek edo “ikuspegi alderdikoia” duen udal gobernuak erabili. “Mingarria” egin zaio Marañoni jeltzaleek Estazio auzorako proposatutako ekarpena alde batera utzi izana. Haren hitzetan, “begi bistakoa da auzoak azken urteetan jasan behar izan duen gainbehera”. Auzotarren aldarrikapenek aurrekontuetan isla izan dezaten eskatu du PSE-EEk. 

Berandu eta diru partida eskas batekin bada ere, Estazio auzora bideratzeko diru partida aurrekontuetan jasotzea lortu dutela azaldu du bozeramaileak. 

“Kanpainaurrean, arduratsu”
Hala, aurrekontuak diru-sarrera eta gastuak baino gehiago direla uste dute: “Gobernuen politikaren eta ekonomiaren noranzkoa adierazten dute”. Kanpainaurrean izan arren, negoziazioan arduratsuak izan direla iruditzen zaie: “Gure ardura publikoak eta partiduaren interesak bereizten jakin dugu”.