Noiztik egiten duzue babarruna?
Betidanik izan dugu babarruna etxean. Gurasoen bidez ezagutu nuen, eta aitona ere soroan lan egiten ikusitakoa naiz. Beste barazki batzuk ere egiten ditugu, baina horiek etxerako izaten dira.
Tolosako babarruna bakarrik egiten duzue?
Bai. Tolosako Babarrunaren Elkartea sortu zenean, bertako bazkide egin ginen eta pixkanaka, urtetik urtera, kantitate handiagoak egiten hasi ginen. Garai batean, kantitate handiak ez zirenean egiten, Zumaiako eta inguruko bezeroei saltzen genien, baina, orain, Elkartetik saltzen dugu guztia.
2018an zenbat babarrun kilo egin dituzue?
Guztira, 3.500 kilo.
Nola egiten duzue babarruna?
Semearen eta bion artean egiten dugu lana. Maiatzean lurra prestatzen hasten gara, eta ekainean hazia ereiten dugu. Lurrak beroa egon behar du ereiteko, bestela alferrikako lana egitea da, ez delako hazia ongi ernetzen.
Zer egiten da ondoren?
Hesolak sartu, sareak jarri... Lan asko du. Gero, biltzeko garaia iritsi arte, landarea zaindu behar da.
Urrian jasotzen da uzta, ezta?
Hori da. Urria hasierarako mahatsak biltzen bukatzen dugu, eta jarraian, babarrunarekin hasten gara. Ekoizpena jasotzeko jornaleroak kontratatzen ditugu astebetez edo horrela, eta beste guztia etxekoen artean egiten dugu.
Zenbat metro karratu dituzu babarruna ereiteko?
20.000 metro inguru. Etxearen beheko aldean ditugu lurrak. Goi aldean, berriz, mahastiak.
Aski ezaguna da Tolosako babarrunaren lehiaketa. Noiztik hasi zarete joaten?
Hamar bat urte izango dira. Elkartetik animatu gintuzten, eta, beno, beste ekoizleak ere joaten zirela ikusita, izena eman genuen.
Txapelketara joateak aldatu dizue babarruna egiteko era? Edo beti bezala jarraitzen duzue?
Beti bezala jarraitzen dugu, baina txapelketak ematen du horrelako zirrara bat. Interes gehiago jartzen da azkenean. Denbora luze pasatzen dugu babarrun onenak bereizten.
2013an lehen saria lortu zenuten, eta 2017an eta 2018an hirugarren izan zineten.
Hortxe ibiltzen gara, bai, eta 2013an irabaztea suertatu zen. Zaila izaten da, besteak ere onak izaten dira-eta, baina hirugarren postuarekin ere oso gustura gaude.
Zer baloratzen dute?
Alea bera begiratzen dute, eta gero kozinatu egiten dute. Epaimahaia bost lagunek osatzen dute eta probatu egiten dute, eta haien puntuazioak erabakitzen du nor den irabazlea.
Produktu maitatua da babarruna?
Bai, oso. Arrakasta eta fama handia dauka.
Zein da sekretua?
Lurrak aztertzen ditugu, behar duten ongarria botatzen diegu..., baina sekretu gutxi dauka. Hori bai, prozesu guztia ongi egin behar da hasieratik. Batez ere lurraren berotasunari jartzen diogu arreta.
Uzta guztiak ez dira berdinak izango. Inoiz txarrik atera zaizue?
Bi urtetan utzi dugu babarruna bildu gabe. Zati bat jaso, euria hasi eta gainerakoa alferrik galdu zitzaigun bertan. Urte batean 800 kilo eta bestean 500.
Itsasoa gertu daukagu. Horrek eragina du babarrunean?
Ez dakigu on egiten dion, baina kalterik, behintzat, ez. Tomateari, adibidez, on egiten dio itsasoko kresalak; beraz, pentsatzen dut babarrunari ere zerbait egingo diola.