Euskal kostaldea babesteko hitzarmena sinatu dute Aldundiak, Surfrider elkarteak eta Zumaienak

Baleike 2019ko ots. 1a, 15:09

Aldundiak, Surfriderrek eta Zumaiena ikastetxeko 700 ikaslek euskal kostaldea itsas zaborraren aurrean babesteko konpromisoa hartu dute gaur eguerdian eskolako aretoan egin duten ekitaldian. Gipuzkoako Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua den Jose Ignacio Asensio bertan izan da.

Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko eskola egunaren markoan ekitaldi berezia egin dute gaur eguerdian Zumaiena ikastetxeko aretoan. Horrela, Surfrider Foundation Europe elkartearekin elkarlanean eta Aldundiaren babesarekin, Bake eta Garapen jasangarrirako lankidetza hitzarmena sinatu dute ikastetxeko zuzendaria den Isaak Aranberrik eta Surfrideko ordezkari gisa etorri den Vanessa Sarah Salvok. Hitzarmen horren testigu izan da, gainera, Gipuzkoako Ingurumen diputatua den Jose Ignacio Asensio.

Unescorekin elkartutako eskola eta ikastetxe jasangarrien sarean aurkitzen da Zumaiena ikastetxea eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Agendak dituen 17 helburuetatik bi ari dira lantzen ikasturte honetan: bakea eta ingurumena. Horrela, Itsaso bat, mundu bat leloari so eginez, itsas zaborraren inguruko lanketa egiten ari dira Surfrider elkartearekin batera. Gaur egin duten ekitaldian proiektu horrekiko duten konpromisoa baieztatzen duen hitzarmena sinatu dute. Bertan izan dira Surfriderreko bi ordezkari eta ikasleek egiten duten lana goraipatu dute. Hondakinen inguruko datu kezkagarriak ere plazaratu dituzte. Izan ere, horien arabera, 2050. urtean arraina baino plastiko gehiago egongo da itsasoan. “Zabor gehiena ibaietatik iristen da. Aldaketa eguneroko gauza txikietatik etorriko da eta gure lana heziketa tailerrak eta sentsibilizatzea da”, aipatu dute.

Zabor-bilketa kanpainak egitea garrantzitsua dela esan dute ekitaldian, eta Zumaienako ikasleak urtean lau aldiz egiteko konpromisoa hartu dute. “Garbiketa lanak egin behar dira, baina zaborren jatorria non dagoen ere ikertu behar da”, azpimarratu dute elkartetik.

Gazteen parte hartzea ezinbestekoa

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatuak horrelako lankidetza hitzarmenek duten garrantzia azpimarratu du, eta Surfriderreko ordezkariek esan dutenarekin ere bat egin du. “Egunerokotasunean egin behar ditugu aldaketak. Gure kosta natura ondare baliotsua da eta bere babesak guztion parte hartzea eskatzen du, eta gazteen konpromisoa eta parte hartzea ezinbestekoa da”, nabarmendu du. Isaak Aranberrik ere ikasleei eman nahi izan die protagonismoa. “Gauzak aldatzeko erronka guztiok dugu, baina zuek izango zarete laster mundua gidatuko duzuenak. Gure aldetik bide horretan laguntzea besterik ez zaigu gelditzen”. 

Zumaiena ikastetxea eta Surfrider, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailaren babesarekin, 2014tik batera lan egiten ari dira. Lankidetza hori Zumaiako Inpernupe hondartzan itsas hondakinen jarraipenean datza, Atlantikoko babesa sustatzen duen OSPAR hitzarmen internazionalaren barnean.