XI. Flysch Traila

Flysch Trailek eta ZTRek elkarlanean antolatutako lehenengo entrenamendua egingo dute igandean

Baleike 2019ko ots. 1a, 12:30

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak genero berdintasuna bultzatzeko ahalegin berezia egingo du aurtengo edizioan, eta horretarako, ZTR (Zumaia Trail Running) taldearekin batera, emakumezkoentzako nahiz gizonezkoentzako entrenamendu saioak antolatu dituzte. Horietan parte hartzen duten emakumeek lasterketarako dortsala izango dute ziurtatuta. 

Zumaia Flysch Trail lasterketan genero berdintasuna bultzatzeko asmoarekin, Flysch Trailak eta ZTRek elkarlanean, emakumezkoentzako nahiz gizonezkoentzako entrenamendu saioak antolatu dituzte. Guztira, sei entrenamendu dira eta lehenengoa igande honetan egingo da.

Etziko irteeran horretan bi entrenamendu mota izango dira. Horietako bat Flysch Trailean maratoi erdia egingo dutenentzat zuzenduta egongo da, eta bestea, aldiz, maratoia korrituko dutenentzat. Maratoi erdikoek 8-10 kilometroko ibilbidea egingo dute 300eko desnibel positiboarekin. Ordu bete eta ordu eta erdiko entrenamendua izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Maratoia egingo dutenek, aldiz, 16-18 kilometroko ibilbidea egingo dute 600eko desnibel positiboarekin. Bi ordu inguruko saioa izango da. Bi entrenamendu saioak 08:00etan hasiko dira Lubaki kiroldegiaren aurrean.

Entrenamendu horietan parte hartzen duten emakumeek Flysch Trailean korrika egiteko dortsala ziurtatuta izango dute. Hurrengo entrenamendua otsailaren 17an izango da.