Pasioa ofizio bihurtuta

Leioara medikuntza ikasketak egitera joan zenetik, ez da bueltatu Zumaian bizitzera Mari Mar Cortes. Bartzelonan eta Bostonen lan egin du, eta duela 10 urtetik New Yorken bizi da. Urtarrileko BALEIKE aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Garun errehabilitazioan da aditua, eta aitortu du bere lanbidea asko maite duela. Nahiz eta Atlantikoaren beste aldean bizi eta elkarrizketa telefonoz egin, galderei erantzuteko moduan nabari zaio lanarekiko duen ardura eta pasioa.

Askok ETB1eko Euskalonski saioan ezagutu genuen Mari Mar Cortes mediku zumaiarra. “Oso ongi pasatu nuen grabaketa horiek egiten. Zumaiara askotan joaten naiz, baina jendeak ez daki zertan egiten dudan lan. Badakite medikua naizela, baina askoz gehiago ez. Orduan, telebistako momentu hori aprobetxatu nuen nire lana zein zen azaltzeko”, adierazi du.

Ikasketez medikua da Mari Mar, baina, gaur egun, zientzialaritzat du bere burua. Garun errehabilitazioan da aditua eta New Yorkeko Mount Sinai ospitalean egiten du lan. “12 urte nituenean erabaki nuen mediku izan nahi nuela. Hori ikasiz gero, pentsatu nuen aitona-amona guztiak sendatzeko aukera izango nuela. Bultzada bat bezalakoa izan zen, eta orduan jakin nuen hori besterik ez nuela ikasi nahi”, kontatu du.

Leioan hasitako ikasketak Donostian amaitu zituen, eta MIRa Iruñean egin zuen. Garunarekin zerikusia duen espezialitate bat aukeratu nahi zuen, eta, hala, errehabilitazioa hartu zuen. “Diziplina anitzeko eremua da, eta horrek esan nahi du jende askorekin lan egiten duzula”, esan du. Gaur egun ikerketa arloan murgilduta dabil eta bere lan lerroa da garuneko gaixotasunen bat dutenei bizitza hobea izan dezaten irtenbideak aurkitzea. “Beraien eboluzioari segimendua egiten diot, bai ospitalean, baita errehabilitazio prozesuan ere. Lanketa horietan aditu askok parte hartzen dugu: psikologoek, ingeniariek...”.

Bartzelonatik Amerikako Estatu Batuetara
MIRa egin ondoren eta errehabilitazioko espezialitatea aukeratuta, Bartzelonako Bellvitge ospitalera joan zen erresidentzia egitera. “Oso gustura ari nintzen han lanean, baina konturatu nintzen pazienteek zituzten arazoek ez zutela sendabiderik”, aitortu du. “Nire adineko mutil bat etorri zen behin. Itsasoan igerian ari zela olatu batek lepoa hautsi zion. Esploratu genuen eta lepotik behera mugitu ezinik geratu zela ondorioztatu genuen. Ospitale on batean ari nintzen lanean. Nola esango nion hogeita gutxi urteko bati ez zegoela soluziorik? Nire nagusiak ere diagnosia baieztatu egin zuen. Ezin nuen sinetsi, eta pentsatu nuen zerbait egin behar nuela”, jarraitu du.

Hala, garun elastikotasunean aditua den Alvaro Pascual-Leone Harvardeko irakasleari idatzi zion. Mari Marrek ez zekien ongi zer esan nahi zuen kontzeptuak, baina gizon hura oso famatua eta jakintsua zenez, ezagutu nahi zuen. “Mina duzunean gorputzak edo garunak aldatzeko duen gaitasuna da. Hau da, garuneko zati bat kaltetua baldin badago, garuneko beste zati batzuk hartuko dute galdutakoaren funtzio hori. Esan genezake garuna berrantolatu egiten dela, eta hori errehabilitazioan bakarrik egin dezakegu. Berrantolaketa hori nola garatzen den ulertzen badugu, agian pertsonak berriz mugitu ahal izango dira, ibili, ikusi...”, kontatu du.

Pascual-Leone Bartzelonara joan zen, eta elkarrizketa izan zuten. “Argi nuen gai horren inguruan ikasi nahi nuela, eta Bostonera joateko gonbidapena egin zidan. Han amaitu nuen nire erresidentzia”, gaineratu du. Lau hilabetez egon zen Boston eta New York artean, eta amaitutakoan, Harvardetik eta New Yorketik lan eskaintzak izan zituen. Bigarrena aukeratu zuen. Hiru hilabeterako proiektu txiki bat egiteko gelditu zen, baina dagoeneko 10 urte daramatza. Hasieran Cornell unibertsitateko Burke institutuan hasi zen lanean, eta gaur egun Mount Sinai ospitalean dago. “Egia esan, oso leku prestigiotsuetan hasi nintzen lanean. Zaila da leku horietan sartzea, baina are zailagoa da mantentzea. Oso polita da egiten dudana, oso gustukoa dut eta maite dut nire lana”, adierazi du.

Garun estimulazioa
Mediku zientzialaria da Mari Mar, eta, hain zuzen, esperientzia pilotuekin egin du lan. Ideia edo teknologia berriak pertsonengan probatuz, nolako efikazia edo funtzionamendua duten ikertzen aritzen da. “Nire kasuan, garun estimulazioko teknikak erabiltzen ditut, eta horiei esker, kaltetuta dagoena mugitzea lortu daiteke. Batez ere, lesio medularretan naiz aditua”, esan du. “Kontua da lesio medularra duten pertsonen arazoa ez dela bakarrik ezin mugitzea. Are gehiago, ezin dute ezer sentitu eta min handia dute. Paziente horiekin lan egiten dudanez, konturatu ginen garuneko parte bat estimulatzen baldin bada, mina arindu egiten dela. Hor jarraitzen du, baina ez dute hainbeste sentitzen”, jarraitu du.

Prozesu horretan, bi mekanismo erabiltzen ditu, batez ere: robotak eta errealitate birtuala. Lehenengoek garuna estimulatzen dute. “Pertsona bati hogei minutuz estimulazioa eginez gero, hiru orduz ez du minik sentitzen. Astebetera ere iritsi daiteke, eta hori ikertzen ari gara orain”, kontatu du. Errealitate birtualari esker, berriz, pazienteek beraien besoak eta hankak mugitzen ikusten dituzte. “Garunari iruditzen zaio pertsonak benetako mugimendua duela, eta, orduan, mina joan egiten zaio. Errealitate birtuala egunero erabiltzen bada, hilabete batean mina asko arintzen da”, gaineratu du.

Ospitalean egiten duten ikerketa doakoa da. Hau da, entsegu teknikoetara edonor joan daiteke. Hori bai, pazienteek kriterio batzuk bete behar dituzte. “Honelako ikerketek protokolo oso itxiak dituzte. Horregatik, proba hauetara etorri nahi dutenek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte. Hala ere, badago ordaindu eta estimulazio saioetara etortzen denik”. Jendea munduko edozein txokotatik joaten dela aitortu du Mari Marrek.

Damurik ez
Ameriketako Estatu Batuetako medikuntza oso aurreratua dagoela esan ohi da, baita profesional eta ospitale onentsuenak han daudela ere. “Saiatzen gara gure gaian aurreratuak egoten, baina lehia handia dago hemen, baita Europan ere”, nabarmendu du.

Horrek presiorik sortzen dion galdetutakoan, zalantzati agertu da. “Bai eta ez. Ez dakit zer esan. Nire lanpostuan ideia onak izan behar ditut. Hau da, berritzailea eta kreatiboa izan. Horrez gain, erakunde publikoen eta fundazioen diru laguntzak jasotzeko txostenak, protokoloak, bekak eta beste hainbat gauza idatzi behar ditut. Horiek emandakotik garatzen ditugu askotan proiektuak. Eta, horretarako, oso lehiakorra izan eta curriculum ona eduki behar duzu. Horrek guztiak presioa sortzen dit, jakina. Baina pertsonekin egiten dut lan, eta hori oso gustukoa dut. Gainera, talde bikain baten alboan egiten dut lan, bidaiatu egiten dut konferentziak emateko eta nire ikerketak azaltzeko… Laburbilduz, oso polita da egiten dudana”.

Ospitaleko zentro bateko zuzendaria da orain, eta Harvarden ere garun estimulazioaren inguruko klaseak ematen ditu. Punta-puntako ikertzailea izateak, ordea, agian bidean gauza batzuei uko egin beharra ekarri dio. “Ez dut damurik. Txikitan erabaki nuen medikua izan nahi nuela pertsonei laguntzeko. Erresidentzia bukatu nuenean, berriz, zientzialaria izatea pentsatu nuen. Horrela, pazienteei banaka lagundu beharrean, medikuntza aldatzeko gai izango nintzelako. Zientziari esker, badaukat medikuntza hobetzeko eta sendagaiak aurkitzeko aukera, eta hori izugarria da niretzat”.

Zuzendari izateak aukera eman dio ordutegi flexiblea eduki eta agenda berak antolatzeko. Horri esker, urtean hirutan edo Zumaiara itzultzen da. “Niretzat oso beharrezkoa da. Oso familiarra naiz. Hor ditut gurasoak eta 93 urteko amona ere bai. Zumaian nagoenean mendira joaten naiz aitarekin, soziedadera afaltzera lagunekin, Erribera kalean pintxoak jaten ibiltzen naiz… Lasai egoten naiz han, eta niretzat dena da hori”.

New york, New York!
Etxeorratzen hiria energia handikoa dela kontatu du, eta oso pozik bizi dela bertan. “Zorte handia izan dut lagun oso onak aurkitu ditudalako. Oso hiri handia da eta jende pilo bat bizi da, baina, era berean, bakarrik sentiarazi zaitezke, eta hori oso zaila da eramaten”, aitortu du.

Herrialde askotako lagunak egin ditu, eta gaineratu du horrek mentalitatea zabaltzen duela. “Aberastasuna eta besteen errealitateak ezagutzeko aukera ematen dizu. Bizitza ederra zela pentsatuz igaro nuen haurtzaroa eta nerabezaroa Zumaian, eta orain, hemen, etxegabeko asko ikusten ditut, adibidez”, kontatu du.

Artistak, aktoreak, bitxigileak, medikuak… denetariko lagun kuadrilla egin du New Yorken, eta, besteak beste, korrika eta yoga egitea ditu gustuko. “Hiri honetako eskaintza kulturala oso zabala da, eta gauza asko egin daitezke aisialdian. Hori asko gustatzen zait. Hala ere, egia da dirua behar dela hainbat ekintza egiteko”.

Etxeko festak atsegin ditu, eta askotan egiten ditu afariak bere apartamentuan. “Zerbait erraza prestatzen dugu afaltzeko eta gero beti amaitzen dugu kantatzen, dantzan, norbait gitarra jotzen…”, azaldu du.

Momentu honetan ez du ikusten bere burua New York ez den beste leku batean. Hala ere, uste du iritsiko dela nahikoa dela esango duen unea . “Baina hemen aurkitu ditudan pertsonak eta lan aukerak ez daude beste tokietan”, aitortu du.