Iñaki Ostolaza da EH Bilduren alkategaia

Baleike 2019ko urt. 31a, 14:24

Iñaki Ostolaza da Zumaiako EH Bilduren hautagaia aurtengo maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako. 

1968an Zumaian jaioa, 50 urte ditu. Industria ingeniaritza teknikoko ikasketak ditu eta Ostolaza Zumaia S.L. enpresako zuzendaria da.

Bere ibilbide politikoa 2007an hasi zuen: Eusko Alkartasunako zerrendan aurkeztu zen urte hartako udal hauteskundeetarako. Ez zen zinegotzi atera hauteskunde haietan, baina ez zen berdina gertatu lau urte geroago. 2011ko udal hauteskundeetan Bildurekin aurkeztu zen eta 2011-2015 legealdian zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean. 

Horrez gain, 2011tik 2017ra Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinadore izan zen, eta exekutiba nazionaleko kide ere bai. EH Bilduren Gipuzkoako mahai politiko kide ere izan da Ostolaza. 

Alderdiak egin dion elkarrizketa batean adierazi du Zumaiak "Herritarrei entzuten dakien eta udal jardunean proposamen zehatzak egingo dituen gobernu bat" behar duela. "Hori dena taldeko lanean egitea eraginkorragoa da", gaineratu du. 

Zumaia "herri polita izateaz gain bizitzeko moduko" herria izatea nahi duela azpimarratu du, "jendeak lana eta bizitza duina herrian bertan egitea, eta horretarako kanpora joan behar ez izatea".