Itziarko Burugorri eraikinean banatuko dituzte ostegunean 2. Landaola Sariak

Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, Landaolak, landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, 2. Landaola Sariak antolatu ditu. Ekitaldia urtarrilaren 31n ospatuko da, Itziarko Burugorri eraikinean (Mutxikarte Kalea 8), eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Bertan, iaz baino sari bat gehiago banatuko da, Emakumeak Landa Eremuan saria, hain zuzen ere. Landaola sariak beraz, lau ataletan antolatuko dira: batetik, erakunde publiko baten proiektuari emango zaio saria; bestetik, erakunde pribatu baten proiektua sarituko da; hirugarrenik pertsona edo erakunde baten urteetako ibilbideak jasoko du garaikurra; eta, azkenik, landa eremuan emakumeek egindako lana errekonozituko da. Gipuzkoako sei landa garapen elkartek osatzen dute Landaola Federazioa eta elkarrekin adostu dituzte 2. Landaola Sarien oinarriak, irizpideak eta, baita, proiektu saridunak ere. Besteak beste, honako alderdiak kontutan izanda banatuko dituzte sariak: proiektua eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanleri kopurua, zabaltzeko duen aukera edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.

11 proiektu hautagai

Guztira, Gipuzkoa osoko 11 proiektu daude 2. Landaola Sarietara izendatuak. Orexako Udalaren Orexa Bizirik proiektua, Soraluzeko Udalaren Karakateko Dolmenen Ibilbidea, Itziarko Burugorri Ostatua egitasmoa, Aiako Udala Ardijokoa joko proiektua. Errezilgo Errezil Sagar Ibilbidea, Antzuolako Udalaren Larretze Plangintza, Debagoieneko Ereindajan proiektua, Goierriko Nekazal Kooperatiba eraberritua, Goierriko Bertatik Bertara proiektua, Hondarribiko Udalaren Botikako agroaldea proiektua eta Orona Fundazioaren den Diametro200 jatetxea. Saria nork jasoko duen jakiteko berriz, sari-banaketako egunera arte itxaron beharko da. Gogoratu, Urtarrilaren 31n, eguerdiko 12etan, Itziarko Burugorri eraikinean.