Kimetz Etxabe, munduko mushing txapelketan

Baleike 2019ko urt. 29a, 08:52
Argazkia: Peio Romatet

Kimetz Etxabe ez zen izan igandean bere jaioterrian jokatutako txakurkrosean. Izan ere, Frantziako Bessans herrian jokatuko den munduko mushing txapelketan hartuko du parte gazte zumaiarrak.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra bitartean jokatuko dute txapelketa hau Frantzian, Italiako mugan dagoen herri honetan.

Sei txakurrek bultzatutako leran lasterketan hartuko du parte Etxabek. 14 kilometroko hiru lasterketa korrituko ditu, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean. Hiru lasterketetan lortutako emaitzak hartuko dituzte kontutan sailkapen orokorrerako.

Zumaiarrak nazioarte mailan esperientzia badu. Hala, 2017ko azaroan munduko txapelketa irabazi zuen, Polonian, Pegaso txakurrarekin. Urte horretan bertan Italian jokatutako Europako txapelketan, podiumetik kanpo geratu zen segundo gutxi batzuengatik.

Urtebete geroago, 2018ko urriaren amaieran, bigarren izan zen Suedian jokatutako Europako txapelketan. Trier txakurrarekin lortu zuen zilarrezko domina 18 urtez azpikoen mailan.