Peru Nolaskoain: “Nik badakit nondik natorren, ezin dut burua galdu lehen mailara iritsi naizelako”

Baleike 2019ko urt. 26a, 11:50

Peru Nolaskoain zumaiar gaztea zumaiar gehienen ahotan dago. Ume zein heldu askoren ilusioa dena egia bihurtzea lortu du. Futbolari profesionala izatera heldu da. 2018ko abuztuaren 20an bete zuen ametsa. Futbol Ligako denboraldi berria hastearekin batera bere lehen partida jokatu zuen Lehen Mailan, 19 urterekin.

Amestutako debuta izan zen. Bilboko Aste Nagusi bete-betean, San Mameseko zelaian, Athleticen elastikoa jantzita, gola sartuta eta partida irabazita. Orduan, aurkaria Leganes izan zen. Hasiera besterik ez. Haren atzetik partida gehiago (eta datozenak) eta kontratu berritzea etorri dira, besteak beste. Horiek eta kontu gehiago jorratu ditugu Perurekin, Lezamako harmailetan izan dugun solasaldian.

Gorenera iritsi zara, Peru. Hala ere, orain artekoa zaila izan bada, datorrena zailagoa izango da oraindik. Bertan egonkortzea. Nola egiten diozu aurre erronka horri?

Amets bat bete dut, txikitatik jokatu izan dut futbolean lagunez inguratuta eta guztion ametsa zena egia da niretzat. Orain, zuk diozun moduan, zailena dator, bertan mantentzea. Partida gutxi batzuk besterik ez dut jokatu Lehen Mailan eta bertan sendotu eta taldean paper garrantzitsua izan nahiko nuke. Horretarako ari naiz lanean egunero; izan ere, jende asko heltzen da gora, baina maila egunero eman behar da.

Athleticek erdiko atzelari bana igo du lehen taldera azken hiru denboraldietan, zu azkena (Yeray duela bi, Nuñez aurrekoan). Izatez ez zara atzelaria, ordea. Betidanik jokatu izan duzu zelai erdian. Nola daramazu postu aldaketa?

Nire ustez, gauza ona da postu ezberdinetan jokatzeko gaitasuna izatea. Izan ere, norbait falta bada postu zehatz batean, entrenatzaileak zu hauta zaitzake lan hori betetzeko. Hori da nik dudan gauza onenetako bat, edozein postutan partida ona joka dezaket. Dena den, egia da zelai erdian erosoago sentitzen naizela, “6” bezala batez ere, atzelarien aurretik. Orain atzean ari naiz eta badakit gauza asko ditudala hobetzeko. Horretan ari naiz lanean. Aipatu dituzun Yeray eta Nuñezengandik asko ikasi dut.

"Hori da nik dudan gauza onenetako bat, edozein postutan partida ona joka dezaket"

Yeray eta Nuñez lehen taldean badaude ere, ez dirudi guztiz sendotu direnik. Horra hor hasieran aipatzen genuen zailtasuna. Hala ere, ez dago zalantzarik Athletic lan ona egiten ari dela harrobian, atzeko lerro horretan, behintzat.

Sekulako maila duten atzelariak dira biak, baina zaila da atzelari postuan aritzea. Ezin duzu beti ondo egon. Postu horietan akatsak beste inon baino garestiago ordaintzen dira. Gainera, beti dago behetik hobe bat igo edo kanpotik beste bat ekartzearen mehatxua. Euskalduna bada, noski. Athletic berezia da alde horretatik, filosofia horri fidela. Meritu izugarria duela iruditzen zait. Beti lortu du gorenean mantentzea hemengo jokalariekin soilik. Lan horretan, aipatu duzun harrobiarekiko konfiantza hori ere garrantzitsua da. Taldearen sustraia da eta orain arte emaitza onak eman ditu.

Jubenil mailako bigarren urtean iritsi zinen Athleticera. Zumaiako herriko taldean kadete garaia amaitu eta Antiguokon urte bat egin ondoren. Lehen urte bikaina eginda (14 gol sartu zenituen orotara) Bilbao Athleticera egin zenuen jauzi zuzenean (oraindik jubenila izanda). Basconia hirugarren taldetik ez zinen pasa. Ez dira pauso handiegiak hain denbora tarte txikian?

Gauzak azkar joan dira, bai, baina onerako, nik uste. Nire iritziz hobe da gauzak azkar eta ondo egitea denbora asko behar izan gabe. Zortekoa izan naiz nire kasuan horrela gertatu delako. Bilbao Athleticeko lehen urtea ez zen erraza izan. Minutu gutxi izan nituen. Bigarren urtean, bestalde, Gaizka Garitanoren konfiantza guztia izan nuen eta uste dut ondo erantzun nuela.

Bilbao Athleticeko lehen urte hartan Kuko Ziganda  izan zenuen entrenatzaile. Lehen taldera egin zuen salto ondoren. Harekin ez zenuen minutu gehiegi izango, baina bazuen konfiantza zuregan. Aurredenboraldian kontuan hartu zintuen eta Europa Leagueko Marseillaren aurkako kanporaketarako ere deitu zizun. Tamalez, ez zenuen jokatzeko aukerarik izan, baina haren eskutik heldu zen lehen kontaktua lehen taldearekin.

Eskerrak eman behar dizkiot Kukori. Bera izan zen Jubeniletatik Bilbao Athleticera igo ninduena, konfiantza eman zidan. Gaztea izan arren, minutuak izan nituen, gainera. Gero, Marseillaren aurkako final zortzirenetako kanporaketarako deitu ninduenean, ezustekoa hartu nuen. Erregalo bat izan zen. Pena azkenean jokatzerik izan ez nuelako eta taldea kaleratua izan zelako. Nahiko partida aldrebesa izan zen, egia esan, lehen zatian bi jokalarik hartu zuten min eta aldaketa bakarra geratzen zen bigarren zatirako. Dena dela, esan bezala, asko eskertzen diot Kukori guztia. Asko irakatsi zidan eta oso entrenatzaile ona iruditzen zait.

Aurten bai, aurten jokatu dituzu Ligako partidak lehen taldearekin. Nolako zelaietan, gainera. Camp Nou zapaldu duzu, Wanda Metropolitano, eta San Mames, noski. Nolako sentsazioa da?

Urte batetik bestera lagunekin telebistan ikustetik bertan jokatzera igaro naiz. Horretarako egiten dugu lan behean, harrobian. Noizbait zelai horietan eta aurkari handien kontra jokatu eta maila eman ahal izateko. Zumaiako utzi eta Athleticera heldu nintzenetik argi nuen hori zela nire helburua, ez nintzela denbora pasatzera etorri. Horretarako, ezinbestekoa da zugan sinestea eta anbizioa izatea, milaka direlako helburu bera duten jokalariak eta zu baino gose handiagoa izan dezakete.

"Urte batetik bestera lagunekin telebistan ikustetik bertan jokatzera igaro naiz. Horretarako egiten dugu lan behean, harrobian" 

Camp Nouko partida hartan ez zinen hamaikakoan hasi, baina gerora jokatu eta Messi zaintzen aritu zinen. Argazkia ere badago. Ondo gordeta izango duzu, ezta?

Une berezia izan zen. Inoizko jokalaririk onenaren aurka aritzeko aukera izan nuen eta ia irabazi genuen partida. Gainera, Messi betidanik izan da nire idoloa, beti esan izan dut bera dela onena. Beste amets bat bete nuen. Baina Messiz gain, Suarez edo Busquets ere izan nituen aurrean. Niretzat erreferenteak izan diren jokalariak parez pare. Burua hotz mantendu behar da, hala ere, partida ostean asimilatu nuen egoera. Suarezen kamiseta eraman nuen etxera, gainera. Messirena nahi nuen, baina epailearen atzetik zebilen haserre. Suarez topatu nuen parean eta arazorik gabe aldatu zidan kamiseta besarkada baten ostean.

Jokalari horiek oso ohituta daude foku mediatikora. Futbolak oihartzun handia du eta zurrumurruak etengabeak izaten dira. Zuk ere bizi izan duzu aurten. Realak erosi nahi zintuela zabaldu zen. Azkenean, ordea, Athleticekin berritu zenuen. Erabaki erraza izan zen? Zu txikitan Realekoa zinen...

Berritu nuenean, prentsaurrekoan argi esan nuen nik Athleticen jarraitu nahi nuela. Athleticek dena eman dit, haiei esker iritsi naiz honaino eta uste dut bizitzan esker onekoa izaten jakin behar dela. Reala etorri zen eta interesa adierazi zuen, bai, baina argi nuen ez nintzela mugituko. Hala ere, uste dut positiboa dela zugan interesa duten taldeak egotea, gauzak ondo egiten ari zaren seinale da eta.

Kontratua berrituta, 60 milioi euroko etete klausula duzu orain. Horrek soldatan ere eragina du noski. 20 urte besterik ez duzu, eta dirutza irabazten duzu. Nola kudeatzen da hori hain gaztea izanik? Laguntzarik jasotzen duzu?

Inoiz baino gehiago mantendu behar duzu hotz. Asko dira diruarekin burua galtzen dutenak eta lagunak eta familia alde batera uzten dituztenak. Ni Zumaiatik nator eta ez naiz izar bat. Lehengo mutila naiz, baina diru gehiagorekin. Futbolak duen abantailetako bat da hori, diru arazoak ez dituzu izango. Asko laguntzen nauen agente bat ere badut. Kirol arloaz gain, edozertarako eskatzen diot aholkua. Gainera, nire agentea izateaz haratago, laguna ere bada. Ongi ezagutzen du mundu hau, bera ere nire tokian egon zelako. Familiaren babesa ere garrantzitsua da hankak lurrean izateko, noski. Edonola ere, profesionalen laguntza behar izaten da. Kontratuen zenbait aspektu ulertzeko bereziki.

Familia aipatu duzu, eta, egia esan, zurea oso lotua dago futbolarekin. Ama Zumaiakoko zuzendaritzan, aita entrenatzaile eta futbolari ohia. Semea gorenera iritsi da orain. Nola bizi duzue etxean?

Amari eta aitari asko gustatzen zaie futbola. Aita kanpoan ere aritu zen, Valentzia inguruan. Ahal duten guztian laguntzen dute herriko taldean, izan ofizinako lanetan edo entrenatzaile modura. Uste dut eskertzekoa dela haien lana. Ni ere saiatzen naiz ahal dudan moduan nire babesa ematen. Gogoko dut partidak ikustera joatea, adibidez. Han lan egiten duen jendea ezagutzen dut, eta jokalariak lagunak dira.

Zumaiaz ari garela, zutaz gain, kirolari ugari ditugu gorenean: Helene Alberdi triatloian, Kauldi Odriozola eta Ander Torriko eskubaloian, Iñaki Osa Goikoetxea zesta puntan edota Iñigo Peña piraguismoan. Zer du Zumaiak?

Kirolari gustua hartu dio jendeak. Kirolari ugari ditugu elitean eta diziplina anitzetan, gainera. Uste dut ona dela, mirestekoa, herri askok ezin dute hori esan. Hainbeste kirolari on izanda umeak haiengan fijatzen dira eta gehiago saiatzen dira etorkizunean beraiek ere gorenera iristeko. Era berean, guk eredu ona emateko ardura dugu.

Aipatu ditugun kirolak baino oihartzun handiagoa du futbolak. Hori kontuan hartuta, pentsatzen dut lehen baino jende gehiago gerturatuko dela orain zuregana. Ezagunagoa zara.

Egia esan, nahiko lasai ibiltzen naiz. Zumaian betiko bizitza egiten dut, eta Bizkaian Lezaman bizi naizenez, han egoten naiz, taldekideekin kalean asko ibili gabe. Bilbora ez gara gehiegi joaten, eta bestela ere nahiko lasai uzten gaituzte. Baina, tira, baten bat gerturatzen bada argazki eske, ez zait batere kostatzen, plazerra da.

"Badago jendea lehen agurtzen ez ninduena eta orain bai. Baina ez dut arazorik baten bat agurtu edo berarekin hitz egiteko, gerturatzen bada"

Uste duzu interesagatik gerturatu izan zaizula norbait?

Badago jendea lehen agurtzen ez ninduena eta orain bai. Baina ez dut arazorik baten bat agurtu edo berarekin hitz egiteko, gerturatzen bada. Hori bai, badakit norekin egon behar dudan, lehengo jendearekin, futbolaria ez nintzenean nirekin egon diren lagunekin.

Futbolaz, diruaz, famaz... hitz egin dugu. Aldatu da Peru Nolaskoain Lehen Mailara heldu denetik?

Ez dakit aldatu naizen. Nik ezin dizut esan, nire ingurukoek, ezagutzen nautenek, esango dute hori. Ni lehengo bera izaten ahalegintzen naiz. Hala eta guztiz ere, lagunen aldetik uste dut ez dela ezer aldatu, lehengo lagunak ditut eta berriak ere egin ditut. Familiarekin ere berdin jarraitzen dut. Nire lehengusu Jakesekin, esaterako, denbora dezente pasatzen dut. Ez ditut lehen nituen ohiturak galdu nahi. Azken finean, horiek eraman naute nagoen tokira.

Tiki-taka

  • Idolorik? Messi eta Busquets.
  • Jokatzeko estadioren bat? Anoeta
  • Aldagelako zein jokalarirekin duzu erlazio estuen? Gururekin (Gorka Gurutzeta) eta Yurirekin.
  • Athletic ez den klub bat? Bartzelona.
  • Entzuten duzun musika? Egunaren arabera. Parrandan, regetoia. Lasai entzuteko, Fito y los Fitipaldis.
  • Toki bereziren bat? Zumaia bera.
  • Toki bat Zumaian? Hondartza, Itzurun.
  • Ezagutu nahiko zenukeen herrialde edo eremurik? Afrika 
  • Oraindik betetzeke duzun ametsik? Txapeldunen Ligako partida bat jokatzea.