Aitziber Garmendia: “Ritak gehiago ikasi nahi du bizitzan eta Frankek bizitza bizi nahi du”

Baleike 2019ko urt. 24a, 07:00
Argazkiak: euskalaktoreak.eus

Ostiralean, hilaren 25ean, Rita antzerki obra izango da Aita Marin, 22:00etan. Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza aktore ezagunak dira komedia horren protagonistak. Estreinaldi arrakastatsua izan ondoren, herriz herri dabiltza muturrekoak diren Rita eta Frank pertsonaien istorioa kontatzen. Sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan 9,5 eta 6 euroan.

Rita antzerkia Aretxabaletan aurkeztu zenuten urtarrilaren 11n. Zer moduz joan zen estreinaldia?

Oso ongi. Estreinaldi bat beti izaten da berezia. Hainbeste denboran entseiatutako hori ez dakizu nola jasoko duen publikoak, eta, egia esan, espero genuen momentuetan oso ongi erreakzionatu zuten bertan izan zirenek, baita espero ez genuen momentu askotan ere. Sorpresa oso oso atseginak izan genituen.

Estreinaldi bat berezia dela esan duzu. Hala al da?

Bai. Ni ez naiz ama, baina estreinaldi bat beti amatasunaren sentsazioarekin konparatzen dut. Entseguetan ernalketa prozesu bat dago, bizi berri bat sortzen joaten gara. Azkenean estreinua erditzea da horrek dakarren nerbio guztiekin, min guztiekin eta poztasun guztiekin. Oso berezia izaten da eta oso sentibera egoten gara beti.

Rita izena du obrak, zure pertsonaiak bezala. Zu al zara protagonista bakarra?

Ez. Bi pertsonaiaren arteko istorio bat da, eta gainera oso ondo dago banatuta protagonismoa. Askotan aktore gehiagoko funtzioak izaten dira eta horietan errazagoa da definitzea protagonistarik dagoen edo ez, Ritaren kasuan protagonismoaren % 50 eramaten dugu bakoitzak.

Bi mundu aparte erakusten ditu antzerkiak.

Frank unibertsitateko irakaslea da. Adin bat du eta bizitzarekin desengainatuta dago, gainera alkoholarekin arazoak ditu. Hori da antzerkiaren abiapuntua. Beste aldetik Rita daukagu. Rita pelukeria batean lan egiten duen neska bat da, auzo nahiko marginal batekoa eta txoni puntu hori dauka. Euskalduna da baina bere ingurua ez da batere euskalduna, eta ondorioz, erdarakada handiak sartzen ditu. Irakasleak literatura klaseak emango dizkio, baina horretaz gain, beste era batera bizitzen eta pentsatzen erakutsiko dio.

Hain ezberdinak diren bi pertsonaia horiek zerk elkartuko ditu?

Ez dute antzik ezertan, baina Joseba Apaolazaren pertsonaiak lehenengo eszenan esaten duen esaldi bat oso polita da: ‘Aspaldian gela honetan ez da zu bakarrik dakarkizun haize fresko hori sartu’. Eta Rita hori da berarentzat: haize freskoa eta indarra. Ritarentzat, aldiz, Frank da ate berriak zabaltzen dizkion pertsona. Zerk elkartzen dituen? Bakoitzak bizitza ikusteko daukan modu hori. Ritak gehiago ikasi nahi du bizitzan eta Frankek bizitza bizi nahi du aspaldiko urteetan ez bezala.

"Gozamen bat da Joseba Apaolazarekin lan egitea"

Zein da mezu orokorra?

Badago azpi kritika bat orokorrean irakaskuntzari, eta ezjakintasunari aipamen nahiko zorrotz bat egiten zaio. Heziketa on baten garrantzia azpimarratu nahi da, eta gehiago emakumeen kasuan. Testua 70. hamarkadakoa da eta oso zaharkitua zegoela iruditu zitzaigun, beraz, moldatu egin dugu. Gure apustua izan da gaur egungo emakumearen islada garbiago bat izatea. Feminismoaren aldeko aldarrikapena da dudarik gabe.

Gaur egungo egoerara egokitu duzue beraz.

Inportantea izan da. 70. hamarkadatik gauzak asko aldatu dira orokorrean eta emakumeentzat zer esanik ez. Mahaiko lan handia egin dugu testua moldatzen eta gaur egunera ekartzen. Ez dakit asmatu dugun, baina saiatu gara behintzat eta pentsatzen dut funtzionatuko duela.

Lanketa hori hain zuzen taldean egin duzue.

Martin Agirrek egindako itzulpena jaso genuen, eta bagenekien denok adaptazio lan bat egin beharko genuela eguneratzeko. Pare bat astetan egon ginen mahaiko lana egiten: proposamenak bota genituen, gauzak zuzendu eta aldatu genituen... Ordu asko eskatu zizkigun, baina gero entseiatzen hasi ginenean eskertu genuen. Beste gorpuzkera bat hartu zuen testuak.

"Komedia bat da, baina badu atzean beste istorio eta sakontasun bat"

Lan hori ez duzue beti egingo aktoreek, ezta?

Aurretik gidoilari bezala ere ibilitakoa naiz, baina eginda dagoen testu batetik moldatzea lan ezberdina da. Egileari nolabaiteko errespetua zor diozu, baina aldaketak egitea beharrezkoa da, gaur egunera egokitu. Gainera, lanketa horri esker, testua ez duzu berdin hartzen, entseiatzen hasten zarenerako asko eztabaidatu duzu horren inguruan, asko hausnartu duzu eta ezagutzen duzun testu bat da. Niretzat aurreneko aldia izan da lan hori egiten eta hemendik aurrerako  produkzioetarako gomendatuko nuke. Hausnarketa eta mahaiko lan baten ondoren jakiten da benetan zer esan nahi duen pertsonaiak.

Zer generotan sartuko zenuke antzezlana?

Komedia dela esango nuke, eta komedia erromantikotik ere badu puntu bat. Horren baitan kritika sozial bat ere izan liteke, baina funtsean komedia da. Ikusleak ez du aurkituko txiste bat bestearen atzetik, hau da, ez da komedia soil bat. Badago atzean beste istorio eta sakontasun bat.

Nolakoa da Joseba Apaolazarekin lan egitea?

2016an, Donostia Europar Kultur hiriburua izan zenean, Uda bateko amets bat antzerki obran hartu genuen parte elkarrekin. Bion pertsonaiek ordea ez zituzten trama berdinak, eta ez genuen kointziditu. Beraz, lana elkarrekin oraingo honetan egin dugu. Gozamen bat da berarekin lan egitea. Umetatik mirestu dudan aktore bat da eta errespetoa ematen dizu, baina ilusioarekin egiten dut lan berarekin. Ikaragarria da zein esperientzia duen. Bere ondoan dena ikasteko da.

Ritak txoni puntu hori dauka. Telebistan egin zenuen La Jaioren antza du?

Batek baino gehiagok galdetu dit hori. Egia esan pertsonaia hori prestatzeko La Jaiorenak diren bideo batzuk ikusi ditut. Freskatu nahi nuen, ideiak hartu. Azkenean banekien txoni euskaldun baten papera egin beharko nuela, eta ez dit lotsarik ematen esatea La Jaiorengan pentsatu nuela.

Horrelako pertsonaietan finkatzeko beldurra duzu?

Ez dut uste. Azkenean pertsonaia eta lan ezberdin asko egin ditut nire ibilbidean. Egia da hala ere pertsonaia batzuk arrasto nabarmenagoa uzten dutela. Ritaren kartela ikustean Jendea gogoratzen da La Jaiotaz, eta niri ilusioa egiten dit. Egin ditudan pertsonaia guztiek ez dute arrasto hori utzi, eta horrek utzi badu zerbaitegatik izango da.

Zerikusirik badute La Jaiok eta Ritak?

Ez, baina antzekotasunak ere badituzte eta asko gainera. Testuan esaterako sartu ditut La Jaiorenak diren erreferentzia pare bat. Pertsonaia hori ezagutzen dutenek segituan konturatuko dira. La Jaioren gorputza eta arima, beraz, hortik ibiliko dira. Beraz, badute antzekotasuna baina bi pertsonaia ezberdin dira.

"Euskal antzerkigintza osasuntsu dago, baina oraindik asko dago egiteko"

Zumaiakoa bosgarren emanaldia izango da, baina gehiago ere badituzue hitzartuta.

Martxora arte, ostiral, larunbat eta igande ia guztietan ditugu funtzioak. Ez da ohikoa izaten, baina gozamen bat da hasieratik hainbeste emanaldi edukitzea. Horrek aukera ematen dio obrari eta guri hazteko.

Euskal antzerkigintza osasuntsu dago, baina oraindik asko dago egiteko eta denon eskutan dago gainera. Ez bakarrik erakunde publikoen eskuetan, norbanakoak badauka hor ere erantzukizuna. Antzerkira joan egin behar da, ez baita zure etxeko salara etorriko telebista bezala. Gainera denetariko antzerkiak egon behar dira: esperimentalak, alternatiboak, komertzialak... Herri bezala eskaintza zabala izan behar dugu.

Telebistan ikusten zaitugu astelehenetik ostegunera ETB1eko Gure kasa saioan. Zein beste proiektu dituzu?

Sei antzerki obra ditut martxan oraintxe bertan, eta bi hizkuntzatan. Beraz 12 testu ditut buruan. Bolada ona izaten ari da, eta, gainera, telebistan ere banago. Oso gustura nago, eta ez dut kexatzeko aukera txikienik ere.