Abisu horia ezarri dute gaurko eta alerta laranja biharko

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 22a, 09:52
Argazkia: Imanol Azkue.

Eusko Jaurlaritzako Metereologia Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko eta alerta laranja biharko, besteak beste, kostaldean izan daitezkeen kalte arriskuengatik.

Euskalmetek jakinarazi duenez, gaur, 12:00etatik 00:00etara alerta horia izango da prezipitazio iraunkorragatik, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean. Prezipitazio ertaina, iraukorra eta oso ugaria egingo duela azaldu dute, eta metro karratuko 60 litro baino gehiago bota ditzakeela. Bihar, alerta laranja izango da arrazoi beragatik, egun osoan zehar. 24 orduan metro karratuko 80 litro baino gehiago pilatu daitezkeela ohartarazi dute.

Horrez gain, gaur eta bihar olatuek eragin ditzakeen kalteak ohartarazi dituzte. Gaur, abisu horia ezarrita egongo da; 17:00etatik 19:00etara. Bihar, berriz, itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja izango dela adierazi du Euskalmetek, 04:00etatik 07:00etara. Olatuek 5,5 metroko altuera izango dute, eta itsasgora 05:58an izango da.