Chuck Morton fiskalak defendatu bezala, epaimahaiak erruduntzat jo du Ibar. Brodar County-ko (Florida) auzitegian epaitu du 12 herritarrez osatutako epaimahaiak.
Gary Foyk Ibar hilketaren lekuan ikusi zuela deklaratu zuen, eta hori gezurtatzeko, hainbat lekukoren testigantza eraman du auzitegira defentsak.
Bestetik, eztabaidagai izan da epaiketan Ibar errudun jotzeko frogen zaintza. Grabazio batzuk desagertu egin ziren, eta denbora batera agertu, zati batzuk ezabatuta. Hala, frogak kutsatzeko moduan egon zirela nabarmendu du defentsak.
Ibarren DNArekin partzialki bat egiten duen odol orban bat aurkitu zuten hiltzaileak bere burua estaltzeko erabilitako kamisetan. Defentsak deklaratzera eraman duen aditu baten ustez, orban hori txikiegia da froga modura hartzeko.
1994an Floridan klub baten jabea eta bertan lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita epaitu dute Ibar, bigarrenez. 2000. urtean erruduntzat jo zuten, baina beti aldarrikatu du errugabea dela.
Familiaren eskariz, Floridako Auzitegi Nagusiak epaiketan Ibarren eskubideak urratu zirela ebatzi eta epaiketa errepikatzea erabaki zuen. Ibarrekin batera hilketa hura leporatu zioten gizona ere berriz epaitu zuten, eta errugabetzat jo zuen epaimahai berriak.