Turismo mahaia eratuko du udalak, Turismo Planak definitutako ekintzen jarraipena egiteko

Baleike 2019ko urt. 19a, 12:00

Datozen hiru urteetan garatu beharreko turismo politiketarako gida orriak markatzen dituen ekintzen jarraipena egiteko asmoz sortuko dute turismo mahaia.

Turismo mahaia sortuko du udalak, datozen hiru urteetan Turismo Planak definitutako ekintzen jarraipena egiteko. Era berean, turismo mahaian parte hartzeko deialdia egin du. 

Turismo Plana parte hartze eta kontsentsu zabalarekin egin zela gogoratu du udalak, eta filosofia bera izan nahi du mahaiak ere. Mahaia osatuko duten bost arlotako kideak aukeratzeko deialdia egin du udalak, eta konpromiso hori bermatzeko, bere ekarpena eta konpromisoa zein izango den idatziz aurkezteko eskatu dio hautagai bakoitzari. 

Urtean gutxienez bitan deituko dute turismo mahaia. Zehaztu dutenez, kontsulta eta lan izaera izango du, beraz, bere txostenak adierazgarriak izango dira. Era horretan, mahaiko eztabaida preozesuen eta gogoeten berri emango da, eta bertaratu ez diren ordezkariek proposamenekin ados dauden edo ez adierazi beharko dute. Hala ere, ez dira erabakitzaileak izango. 

Partaidetza eta lankidetza organo bat izateko asmoz eratuko dute mahaia. Turismoaren garapen integralarekin lotutako proiektu eta ekimen zehatzen plangintzan, egikaritzan, jarraipenean eta ebaluazioan aritzea du helburu. 

Ordezkaritza zabala izango du turismo mahaiak:

1. Sektore publikoa. Teknikari nahiz politikariek ordezkatuko dute. Alderdi
politiko bakoitzeko ordezkari bat eta euskara teknikaria, kultur teknikaria,
ingurumen teknikaria, berdintasun teknikaria eta turismo teknikaria (9
kide).

2. Sektore pribatua. Azpisektore bakoitzeko ordezkari bat izango du, guztira
5 kide (Ostatuak, ostalariak, merkatariak, zerbitzu turistikoak eskaintzen
dituzten enpresak eta bidaia agentziak).

3. Antolaturiko gizarte zibila. Ondorengo gaiekin zerikusia duten eragileen
ordezkari bana, guztira 5 kide (Natura eta zientzia, Kultura eta Ondarea,
Euskara eta beste hizkuntzak, Kirola eta Osasuna eta Gazteak eta
hirugarren adina).

4. Akademikoak. Kide bat.

5. Ekintzaileak. Kide bat.

Bestetik, une bakoitzean dituen premien edo interesen arabera beste edozein entitate edo erakundek parte hartu ahal izango du; besteak beste, Basquetour-ek, Foru Aldundiak,
Geoparkeak, Urola Kostako Udal Elkarteak, Urkomek, eta gainerako aditu eta aholkulariak.

Turismo mahaian parte hartzeko interesa dutenei hautagaitzak aurkezteko dei egin die udalak. Turismo Bulegoan edo posta elektroniko bidez (turismoa@zumaia.eus) aurkeztu daitezke, otsailaren 4a baino lehen.